'Motxo'-ren istripua (II): Erantzunen garaia

Gorka Zabaleta 2012ko urt. 10a, 18:15
Garabi batekin atera zuten 'Motxo' harraldetik. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Motxo arrantzontziaren istripuak galdera asko utzi zituen erantzun gabe, zalantza eta susmo gehiegi. Hamalau hilabete behar izan dira Espainiako Sustapen Ministerioak burututako ikerketaren emaitza ezagutzeko.

Bi dira txostenaren ondorio nagusiak: bata, Motxo ez zen arrantzan ari istripua izan zuenean; bestea, ontzia erreskatatzeko lanak desastre hutsa izan ziren.

Motxo arrantzan ari al zen Zumaia eta Deba arteko biotopo babestuan istripua izan zuenean? Ez, bidean zihoan –beti txostenaren arabera–. Zergatik ez zituzten aprobetxatu istripu ondorengo lehen orduak arrantzontzia itsasoratzeko edo, gutxienez, soka batekin atoiontzi batera lotzeko? Erabaki okerrak hartu zirelako. Aseguru etxearen oniritziaren zain egon al ziren erreskateari ekiteko? Aseguru etxeak enpresa bat kontratatu zuen arte ez zen ontzia erreskatatzeko operazioa martxan jarri. Zergatik ez zuten aurrena likido guztia (20 tona) atera erreskatea errazteko? Kritika hori egiten du txostenak. Zergatik ez zuten adostutako ordua errespetatu (itsasgora) atoiontzitik tiraka hasteko? Tiraka hasi zirenean lehorretik maniobra gidatzeko inor ez zegoela salatzen du txostenak. Nork hartu zuen erabakia? Ez da argitzen. Nork hartuko du erabaki okerren erantzukizuna? Hain zuzen ere, erantzukinzunak onartzeko gaitasun eza salatzen du. Neurririk hartuko al da berriro gerta ez dadin? Planak ondo zehazteko, egingarriak direla ziurtatzeko eta espezialisten esku uzteko proposatzen du txostenak, eta zeharka kritikatzen du aseguru etxeak kontratatutako enpresa (Facal) ez dagoela lan horietarako prestatuta. 

Hamalau hilabete pasa behar izan dira 2010eko azaroko Baleike aldizkarian egin genituen galderei erantzuna aurkitzeko. Istripuaren gaineko ikerketaren emaitza argitaratu berri du Espainiako Sustapen Ministerio Itsas Istripuen Ikerketa Batzorde Iraunkorrak, S-44/2011 txosten teknikoan. Galdera guztiak ez ditu erantzuten, baina ondorio garrantzitsuak ateratzen ditu: Motxo ez zen arrantzan ari; arrantzontziaren zaintza oker baten ondorioz izan zuten istripua. Ontzia erreskatatzeko operazioak gabezia handiak izan zituen. Erabaki okerrak hartu ziren, ardurak ez ziren ondo zehaztu, koordinazio eta informazio gabeziak egon ziren, profesionaltasun falta…

Motxo arrantzontziaren istripuak galdera asko utzi zituen erantzun gabe, zalantza eta susmo gehiegi. Hamalau hilabete behar izan dira Espainiako Sustapen Ministerioak burututako ikerketaren emaitza ezagutzeko. Bi dira txostenaren ondorio nagusiak: bata, Motxoez zen arrantzan ari istripua izan zuenean; bestea, ontzia erreskatatzeko lanak desastre hutsa izan ziren.

Baliteke patroiak orientazioa galtzea eta benetako posizioaz ez jabetzea

Jarraian dituzue txostenean jasotako gertaeren kronologia, eta batzordeak egindako analisiak eta ateratako ondorioak (kurtsiban):

2010-11-03

Motxo arrantzontzia 18:00etan itsasoratu zen Bermeoko portutik, bederatzi lagunez osatutako eskifaiarekin. Patroia eta bere bigarrena zeuden zubian, zaintza lanetan. Inguratze arrantzarako bi sare zeramatzaten: handiena, 470 metro luze eta 120 metroko hondokoa; txikiena (385x75 metro) makinillan muntatuta zegoen.

2010-11-04

Bermeo eta Ondarroa artean ibili ziren arrain bila, kostaldetik pare bat miliako distantziara, 20 eta 50 metro arteko sakonera zegoen lekuetan, eta 7-8 korapiloko abiaduran. Goizeko 03:30ean patroiaren laguntzailea lotara joan zen eta patroia bakarrik gelditu zen zubian zaintza lanetan. Une horretan Ondarroa parean zeuden, 6-7 korapiloko abiaduran eta 119º norabidean, ikerketarako jasotako testigantzen arabera.

Itsasontziaren ibilbidea bat dator bigarren patroia lotara joan zenean zeramatzaten norabidearekin (119º) eta abiadurarekin (6-7 korapilo).

Arrantzontziak hondoa jo zuen harraldean, Baratzazarraurrean. 

Istripua

Goizeko 04:52ean, identifikaturik gabeko itsasontzi batek Sos-Deiak larrialdi zentrora deitu zuen Motxo arrantzontziarentzat laguntza eske, haitzen kontra zihoalako.

Bi minutu geroago, 04:54an, Lau Anaiak arrantzontziak Sasemarrera (itsas salbamendua) deitu zuen VHFko 16. kanaletik, ohartarazteko Motxosareak botata zegoela eta harralderantz zihoala, 43º 17’ I, 002º 17’ M posizioan. Handik minutu gutxira Motxo-k hondoa jo zuen Zumaia eta Deba arteko marearteko zabalgunean [Baratzazarraurrean], 43º17,76’I, 002º 17,40’ M posizioan. Haitza jota, gilaren gainean gelditu zen ontzia, branka labarrei begira eta istribor aldera okertuta; argiak, artean, piztuta.

Patroiak adierazi zuen ez zela ohartu arrantzontziaren benetako posizioaz, ez zuela uste kostaldetik hain gertu zeudenik, eta, konturatu zenean, ontzia ababor aldera biratzen saiatu zela. Baina olatuek kostalderantz eraman zuten hondoa jo arte.

Istripua gertatu zen unean, arrantzontziak makinillan muntatuta zeuzkan sarea ixteko erabiltzen diren sokak, eta sei edo zazpi korapiloko abiaduran ari zen nabigatzen. Baldintza horietan ezinezkoa da arrantzan jardutea. Ontziak ababorrera egin zuen hondoa jo baino lehen, eta olatuen kolpeen menpe gelditu zen. Hain zuzen ere, sareak ababorrean zeuden jasota, ontziaren erdialdetik popaldera, eta ziurrenik olatuek bota zituzten itsasora. Horrek azalduko luke Lau Anaiak arrantzontziak bere abisuan esandakoa, alegia, Motxok sareak uretan zeuzkala.

Gertatutakoa aztertuta, ondoriozta daiteke arrantzontziaren zaintza ez zela eraginkorra izan. Istripua gertatu aurreko bi orduetan ontziak norabide berbera mantendu zuen, kostaldeari paraleloan, baina azkenean pixkanaka lehorrerantz gerturatuz joan zen, eta inork ez zuen norabidea zuzendu.

Istripua gertatu zen unean patroia bakarrik zegoen zubian eta 11 ordu zeramatzan zaintza lanetan; litekeena da  nekatuta, aspertuta edo distraituta egotea.

'Motxo'-k istripuaren egunean egin zuen ibilbidea.

Istripua gertatu zen kosta tartea bereziki iluna da itsasotik begiratuta, eta labarrez dago osaturik. Goizalderako behelainoa zegoen iragarrita. Nabigatzeko tresna egokiak izan arren, ez ziren behar bezala erabili. Beraz, baliteke patroiak orientazioa galtzea eta benetako posizioaz ez jabetzea. Horrez gain, ohiko arrantza lekuetan ibiltzeak gehiegizko konfiantza eragin eta beharrezkoak diren zaintza eta segurtasun neurriak ez hartzera eraman dezake.

Ez da sinesgarria azaroaren 9an patroiak eman zuen azalpena: olatu handi batek sareak itsasora bota, helizean kateatu, motorra geldiarazi eta ontzia gobernatu ezinik gelditu zirela. Helizeko paletan ageri diren kalteak aztertuta, ondoriozta daiteke helizea martxan zegoela, pala guztietan kalteak oso antzekoak baitira –haitza jotzean biraka zegoen seinale–. Sareen arrastorik ere ez zen aurkitu helizean. Ziurrenik, motorra gelditu zen helizeak hondoa jo zuelako eta, sakonera txikia zegoenez, ontziak ezin zuelako nahikoa ur hartu motorra hozteko.

Beraz, ikerketa batzordearen iritziz, istripuaren arrazoiak, ziurrenik, giza akatsekin dute zerikusia: ontziaren zaintza akatsak, benetako posizioaren uste okerra, gehiegizko konfiantza, nekea…

 Eskifaiaren erreskatea

05:04an, salbamendurako Helimer 212 helikopteroa jarri zuen lanean Sasemarrek. 

05:26an, Jaurlaritzak larrialdietarako teknikari bat jarri zuen lanean, Sos Deiak-ekoa.

05:32an, Motxoargirik gabe gelditu zen. Sorospen ontziko argia erabili behar izan zuten handik aurrera. 

05:46an iritsi ziren istripuaren lekura Sasemarrek bidalitako Donostia II eta Hondarribia II salbamendu ontziak, eta informazioa biltzea izan zen lehen lana.

06:12an, Motxo-ko patroiak eskatu zion Lau Anaiakarrantzotziko patroiari eskifaia erreskatatzeko abisua eman ziezaiola Sasemarri.

06:35ean, Maria de Maeztu salbamendu ontzia mugiarazi zuen Sasemarrek.

06:40an, istripuaren lekuan iritsi zen Helimer 212 helikopteroa, eta eskifaia erreskatatzeari ekin zioten. Lau arrantzale Zumaian utzi zituzten, 7:28an, eta beste bostak Hondarribiko aireporturaino eraman zituzten, 7:47an.

08:07an, Motxo-ko patroiak jakinarazi zion Sasemarri ontzian 15 tona gasolio eta 500 litro olio zeramatzatela.

Koordinazio falta. nabarmena gertatu zen erreskatean eta erabaki okerra hartu zen

Ontzia flotarazteko saioak

Goizeko 09:00etan bilera deitu zuten Pasaiako Itsas Kapitaintzan, egoera aztertu eta ontzia harraldetik nola itsasoratu aztertzeko. Bileran parte hartu zuten Kapitaintzako ordezkariak, ontziaren jabeak, ontziaren aseguru etxeko ordezkariak eta Facal atoiontzi enpresako ordezkariak, baina ez zen egon Jaurlaritzako larrialdietarako teknikaria. Behin egoera aztertuta, ondorioztatu zuten itsasotik ezinezkoa zela Motxo atoiontzira soka batekin lotzea, sakonera txikiko urak direlako; helikoptero baten laguntzarekin egitea erabaki zuten.

Plana ez zen idatziz aurkeztu eta ez zuen idatzizko oniritzirik jaso, dena ahoz egin zen, denborarik ez zegoela argudiatuta.

10:10ean Pasaiako itsas kapitainak jakinarazi zion Sasemarri erreskate lanak Facal atoiontzi enpresak egingo zituela, aseguru etxeak kontratatuta.

13:35ean Facal 19 atoiontzia istripuaren lekuan zegoen, aginduen zain. Atoiontzian bertan zegoen enpresak operazioa gidatzeko jarritako arduraduna. Helimer 213 helikopteroarekin harremanetan zegoen ordurako.

Sasemarren Maria de Maeztu salbamendu ontzia inguruan zen 10:53tik, aginduen zain, aseguru etxeak kontratatutako atoiontzia iritsi baino bi ordu eta erdi lehenago.

13:45ean Helimer 213 helikopteroko gidariak jakinarazi zuen 200 kilo baino gehiago ezin zituela altxa. Motxo erreskatatzeko erabili nahi zen 500 metroko sokak lau tonako pisua zuen. Maniobra ezinezkoa zen, beraz. Orduan pentsatu zuten Facal enpresak jarritako operazio arduraduna Motxoraino eramatea helikopteroz, baina baztertu egin zuten arriskutsua zelako.

Koordinazio falta nabarmena gertatu zen erreskatean parte hartu zutenen artean, informazio eta komunikazio faltagatik, eta erabaki okerra hartu zuten:

            -Garraiatu beharreko sokak 4.000 kilo pisatzen zituen eta helikopteroak 200 kilo baino ezin zituen altxa.

            -Lehorretik bazegoen arrantzontziraino iristeko modua. Goizeko 06:25ean inguruan zeuden Jaurlaritzako larrialdietarako teknikaria eta su-hiltzaileak. Gainera, azkenean lehorretik atera zen arrantzontzia garabi handi batekin.

16:10ean erreskate lanak bertan behera lagatzea erabaki zuen Sasemarrek, eguraldi txarra zegoela argudiatuta. Maria de Maeztu salbamendu ontzia han gelditu zen.

Lehen eguna alferrik galdu zen, koordinazio eta antolaketa faltagatik. Itsasgorarekin, Motxo 75 metro mugitu zen lehorrerantz, eta erreskatea zaildu egin zen.

Deposituetan 20 tona likido utzi zituzten, ontziaren pisu osoaren %15

2010-10-05 

08:27an, Hondarribia IIsalbamendu ontzia eta uretako moto bat Zumaiarantz abiatu ziren, erreskate lanetan laguntzera. 

08:30ean, Bilboko salbamendu zentrotik goizeko ekintza planen berri eman zuten:

            -Salvamar Orion ontziak kutsaduraren kontrako hesi bat jasoko zuen Zumaian Maria de Maeztu salbamendu ontzira eramateko.

            -Facal 18 atoiontzitik abiatutako ontzi pneumatiko batetik harraldera gerturatu eta jaurtigailu batekin soka helaraziko zitzaion lurrean zegoen lan taldeari, ondoren Motxora igo eta lotzeko.

            -Itsasgoran [15:30ean] saiatuko ziren arrantzotzia flotarazten, Facal 18 atoiontziarekin.

08:50ean, Salvamar Orion Zumaiatik abiatu zuen kutsaduraren kontrako hesiarekin eta Sasemarreko teknikari batekin.

09:15ean hasi ziren Motxo sokaz lotzeko lanak. Soka eskuz eraman zen atoiontzirik arrantzontziraino, Sasemarreko langile eta inguruko boluntarioen laguntzarekin.

Erreskaterako kontratatutako enpresak ez zuen nahikoa langile soka atoiontzitik arrantzontziraino eramateko. Horrela, atoiontziko patroiak Motxo-ko patroiari eskatu zion eskifaiari deitzeko. Horiekk ez zeuden lanerako, eta Sasemarreko langileak eta inguruko beste hainbat boluntario behar izan ziren operazioa burutzeko.

11:00etan lortu zen Motxo sokarekin lotzea. 11:50ean prest zegoen atoian eramateko.

Atoian errazago eramateko, arrantzontziaren pisua arintzea erabaki zen. Sasemarreko langileek 560 litro erregai atera zituzten (15.000 litro zituen), baina olioa (500 litro) eta edateko ura (7,8 tona) bertan utzi zituzten. Guztira, 20 tona likido utzi ziren deposiuoetan, arrantzontziak zuen pisu osoaren %15.

Motxo iraultzea

14:15ean,  Sasemar harremanetan jarri zen Facal 18 atoiontziarekin, egoeraren berri jasotzeko. Atoiontziko patroiak jakinarazi zien arrantzontzitik tiraka hasi zirenean ababor aldera irauli eta soka eten egin zela [tiratzeko lanak itsasgoran –15:30ean– egingo zituztela adostu arren, ordu eta erdi lehenago ekin zioten. Erabakia nork hartu zuen eta zergatik ez da aipatzen txostenean].

Behin soka brankan lotuta, atoiontzia trabeska eta ababor aldera hasi zen tiraka. Brankatik tiratzea erabaki zen, txopan pisu gehiago zuelako. Ideia zen aurrena 180 gradu biratzea eta, behin branka itsasora begira jarrita, itsasorantz ateratzea.

Tiraka hasi zirenean, hasieran Motxo biratzen hasi zen ababor aldera, baina arrantzontziaren gila brankadekin lerrokatu zenean kateatu egin zen. Tiraka jarraitu zutenez, ontzia irauli egin zen, ababor aldera. 

Tiraka hasi ziren unean lehorrean ez zegoen inor operazioa gidatzen. Arduradun bakarra atoiontziko patroia zen, eta hark ere ezin zuen ikusi gertatzen ari zena. Horrela, irauli ondoren ere, metro batzuk arrastaka eraman zuten Motxo, soka eten egin zen arte.

Irauli eta berehala erregai orbanak ikusi ahal izan zituzten helikopterorik, handiena 300 metro luze eta ehun metro zabal. Kutsaduraren kontrako hesiak jarri zirela dio txostenak, baina ilundu zuzenean jaso egin zirela. Hala ere, kutsaduraren kontrako neurriak hartu zirela dio, gehiago zehaztu gabe. 

Hurrengo egunetan Motxo lehorrerantz gerturatzen joan zen pixkanaka, itsasoak bultzatuta. Istripua gertatu zen puntutik 300 metro ekarri zuen itsasoak lehorrerantz. Arrastoa begi bistakoa da, haitz geruzak hautsi baitzituen bidean. 

Harraldean hilabete baino gehiago egin ondoren, abenduaren 9an lehorreratu zuten garabi batekin [itsas istripuak ikertzen dituen batzordea izanik, txostenean ez da aztertzen garabiaren aukera egokia izan ote zen edo ez].

Zailtasun handiak izan ziren 'Motxo' labarretatik ateratzeko.

Ondorioak eta aholkuak

Gertaeren analisiarekin batera, batzordeak ondorioak eta aholkuak argitaratu ditu. 

Istripuaz:

-Arrantzontziaren zaintza okerra, desorientazioa eta giza akatsak izan ziren, ziurrenik, istripuaren arrazoiak.

-Ez da sinesgarria olatu handi batek sareak bota eta helizean kateatu ondoren motorra gelditu zela.

-Istripuaren berri emateko, ez ziren jarraitu zehaztuta dauden irrati bidezko araubideak.

Ontzia erreskatatzeko saioez:

-Erreskate saioetan agerian gelditu ziren gabeziak, antolaketan eta formakuntzan, eta erabakiak hartzeko zein ardurak onartzeko garaian.

-Ez zen zehaztu zer erakundek zuen erreskate operazioa ikuskatzeko ardura.

-Motxo irauli egin zen gaizki definitu, planifikatu eta burututako plan baten ondorioz.Ondorioak kontuan hartuta, batzordeak zera aholkatzen dio Merkataritza-Ontzien Zuzendaritza Nagusiari: aurrerantzean erreskate operazioak enpresa espezializatuek egin ditzatela, ziurta dadila lanak ondo egiteko behar diren baliabideak dituztela, eta beti idatziz aurkeztu eta adostu diren plan egingarrien arabera.