Inaxio Manterola: “Olagarroa 40 urte biziko balitz, itsasoko nagusi”

Gorka Zabaleta 2012ko ira. 10a, 17:30
Olagarro bat ur-azpian. Argazkia: Xabi Mina

Dohain harrigarriak dituen animalia da. Ezagunak dira haien adimen garatua neurtzeko egin diren zenbait esperimentu; baina, oro har, gutxi dakigu olagarroaren biologiaz. Inaxio Manterola biologoari galdetu diogu.

Olagarroari buruz asko hitz egiten dugu Zumaian, baina animalia bera ez dugu, ziurrenik, behar bezala ezagutzen.

Hala da. Adibidez, arra eta emea. Jendeak ez ditu bereizten. Herriko zaharrek-eta badakite arrak bentosa bat baduela besteak baino handiagoa, eta bere koban dagoenean horixe jartzen duela aurrean, babes modura. Gainera, garaiaren arabera, olagarroa zulotik ez denean sekula ateratzen, ez eta aurrean andarika jarrita ere, orduan badakite arrautzekin dagoen emea dela.

Zenbat denbora bizi da? 

Bitxia da, denboraldi bakarreko animalia baita. Malakastak edo pixka bat denboraldiz kanpo jaiotakoak, agian, biziko dira 18 hilabete, bi urte gehienez. Beste guztiak urtebetean hiltzen dira. Eta kapaz dira bost kilo hartzeko, edo hamabost, duten janariaren arabera.

Nola bizi dira jaiotzen direnetik heldutasunera iritsi arte? 

Emea sartzen da bere kobazuloan, jartzen ditu kandelak, arrautzak, 100.000 eta 500.000 artean, eta kumeak jaio arte ez du jaten. Han egongo da hilabete-berrogei egun geldirik, arrautzak zaintzen, ura hauspotzen korrontea sortu eta oxigenoa emateko, usteldutakoak kentzen… Normalean udaberrian egiten dute kopula, eta ondoren emea kobazulora sartzen da. Kumeak udan jaiotzen dira, eta txibiak bezala, planktonean –uretan flotatzen– bizi dira lehen 50 egunak. Gero, hondora joaten dira bizitzera eta, iraileko itsasaldiekin, harraldera sartzen dira. Eta handik aurrera ikaragarri azkar hazten dira. Gai dira hilabetean kilo bat gizentzeko. Jaten duten guztia proteina bihurtzen dute.

Olagarroaren begia. Argazkia: Ignacio San Miguel

Olagarroa haitzean bizi al da beti edo itsas hondoan ere bai?

Zuloak dituen haitza da beretzat bizilekurik egokiena, ezkutatzeko. Baina itsaso zabalean ere bizi dira, ehun metro arteko sakoneran. Hondarretan ere ibiltzen dira, baina normalean beraien kobazuloa dute eta hara itzultzen dira, gordetzera. Mediterraneoko herriek antzinatik baliatu izan dute ezkutatzeko joera hori arrantzatzeko: anforak botatzen zituzten itsas hondora eta olagarroak barruan sartzen ziren. Babeslekua zen haientzat. Anfora atera eta barruan gelditzen zen olagarroa, ez zuen ihes egiten. Gaur ere erabiltzen da arrantza sistema hori. 

Azala ingurura egokitzeko gaitasun harrigarria du. Nola egiten du?

Txiki-txikitatik dute gaitasun hori. Eta ezaugarri honekin badago, gainera, misterio bat. Begiko erretinan kono mota bakarra dute; beraz, teorian, zuri-beltzean bakarrik ikus dezakete. Nola du, orduan, inguruaren kolorea hartzeko gaitasuna? Pentsatzen da beste sentsore batzuk izango dituela. Kolore aldaketa lortzeko kromatoforoak dituzte, azalean dituzten zelula berezi batzuk. Bakoitza kolore batekoa da (horia, gorria, urdina edo arrea) eta nahi bezala estutzen eta zabaltzen ditu –gure begiko ninia argira bezala–, nahi duen kolore nahasketa lortzen du. Txibiak ere berdin egiten du. Ia modu automatikoan funtzionatzen dute zelula horiek. Eta koloreaz gain, gaitasuna du giharrekin enorrak-eta ateratzeko. Hori oso baliagarria zaio algekin eta mimetizatzeko. 

Adimena oso garatua duen animalia omen da.

Olagarroak daukan arazoa da gutxi bizi dela. Olagarroa biziko balitz 40 urte? Itsasoko nagusi. Sei hilabetetan ikasteko duen gaitasuna ikaragarria da. Ornogabeen artean, hauek dira, nolabait esatearren, neurona guztiak konputagailu zentral batean elkartu dituzten bakarrak. Gure burmuinaren antzeko zerbait garatu dute. Memoria garatu dute, mapa bisualak egiteko gaitasuna… Eta, haginaz aparte, daukaten parte gogor bakarra hain justu buruan dute, bi begien artean, burmuin moduko hori babesteko. Bada, hain zuzen ere, hor egiten zaio kosk hiltzeko.

Berez, oso animalia interesgarria da hazkuntzarako, baina orain arte ez da lortu. Non dago arazoa?

Oso ondo gizentzen da, oso ondo bizi da guk jarritako baldintzetan, arrautza piloa egiten ditu, denak arazorik gabe jaiotzen dira, lehen astebetean ondo bizi dira… Baina hor zerbait dago, arazoren bat, lehen hilabete hori oso gutxik gainditzen dute. Plantonikotik bentonikora, hau da, uretan bizitzetik itsas hondorako pausoan hil egiten zaizkie gehienak. Hori argitu nahian dabiltza, atzean sekulako negozioa baitago. Olagarroak dena du jateko, zenbat eta handiago, orduan eta garestiago, oso azkar hazten da, kaioletan ez dauka gizentzen arazorik… Baina laborategian alebinak sortzeko arazo hori dago.

Azaleko kolorea aldatzeko gaitasuna du olagarroak. Argazkia: Xabier Mina

Adimena neurtzeko esperimentuak egin izan dira…

Bi olagarro. Bat ikusle eta bestea probatzaile. Probatzaileari bi bola eskaintzen zitzaizkion, bat zuria eta bestea gorria. Zuria aukeratzen zuenean, saritu egiten zuten; gorriarekin, deskarga elektrikoa. Saioa amaituta, ikusle zegoen olagarroa jarri zuten lanean: zuria bakarrik aukeratzen zuen.

Proba gehiago egin izan dira: labirintoak, adibidez. Edota botila baten barruan jatekoa jarri eta tapoiarekin itxi. Olagarroa hurbildu, ontzia aztertu, tapoia kendu eta janaria lortu. Hurrengoan, berdin baina erroskadun taparekin. Eta olagarroak zabaldu.

Teoria batek dio gizakia hasi zela burua garatzen eskuak libratu zituenean. Olagarroek sekulako ahalmena daukate: zortzi erro dituzte, bi mila bentosa, koordinatuta eta nahi dutena egiteko gaitasunarekin. Elefanteek tronparekin bezala. Bi mila bentosa horiek banaka kontrolatzeko gaitasuna dute. Orain honekin heldu, orain askatu… Hori oso konplikatua da.

Erlazionatuak