Olagarroak Zumaian hamaika erro ditu

Gorka Zabaleta 2012ko ira. 10a, 17:19
Pikote baserriko Klaudio Etxabe. Argazkiak: Javier Carballo

Ezaguna da Zumaia eta olagarroaren arteko harreman estua, baina gaiari buruzko azterketa sakonik ez da argitaratu gaur arte. Hutsune hori betetzera dator Zumaia eta olagarroa liburu ederra.

Herriko elkarte gastronomiko bati ematen dio izena, eta eskubaloi taldeari. Zopan edo patatekin prestatzeko ohitura daukagu, eta lehiaketa gastronomikoak ere antolatzen ditugu. Hura arrantzatzea da zumaiar askoren denborapasa gustukoenetakoa. Olagarrozale mitikoak ere baditugu; eta haiek harrapatutako aleen tamainaz eta kopuruaz hamaika istorio. Jaiegun handia egiten dugu bere izenean: Zumaiako ikurretako bat bihurtu dugu olagarroa.

Jakin, ordea, nahi baino gutxiago dakigu olagarroez eta Zumaiak harekin izan duen harremanaz. Galdera gehiegi airean: noiztik arrantzatzen da olagarroa? Nondik dator lehortzearen ohitura? Zergatik mantendu da Zumaian? Zertarako arrantzatu izan da? Nork? Nola? Nolako animalia da olagarroa? Erantzunak aurkitzea izan da, hain zuzen ere, Olagarroa eta Zumaialiburuko egileen erronka. Udalak deitutako bekari helduta, ikerketa lan sakona egin dute Javier Carballok, Inaxio Manterolak, Oihana Artetxek, Xabier Alberdik eta Imanol Azkuek: hamaika elkarrizketa, dokumentu zahar eta iturri erabili dituzte idazteke zegoen historia aberatsa behingoz paperean jasotzeko.

Inaxio Manterola, Xabier Alberdi, Oihana Artetxe, Javier Carballo eta Imanol Azkue.

Historiaurretik datorren ohitura

“Inguruko herriekin alderatuta, Zumaiak duen berezitasunik nabarmenena geologikoa da: harraldea bera. Getariak, Zarautzek edo Oriok ez dute horrelako zabalgunerik”, dio Xabier Alberdi historialariak. “Olagarroari zuloz jositako harraldeak gustatzen zaizkio, babesteko”, osatu du Inaxio Manterola biologoak, “eta horixe aurkitu du gure harraldean”. Baina harralde egokiak badaude oso urrutira joan gabe –Bizkaian edota Lapurdin–, eta han ez dago olagarroarekiko hain lotura esturik. Beraz, geologiak ez du dena esplikatzen, eta arrazoi historikoa eta kulturalak ere badaude. Arrazoi horiek aurkitzea izan da, hain zuzen ere, Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe historialarien lana. Eta ez da batere erraza izan, “informazio iturri faltagatik”.

Bi arazorekin egin dute topo: “Batetik, olagarroak oskolik edo hezurrik ez duenez, ez du aztarnarik uzten. Beraz, arkeologiaren ikuspuntutik arazo bat da. Bestetik, itsas ekonomiaren barruan ez da sekula izan goi mailako harrapakina, eta, ondorioz, apenas dago dokumentaziorik. Beraz, ia informazio iturririk gabe aurkitu gara”. Hutsune horri aurre egiteko, zeharkako iturriak erabili behar izan dituzte, eta handik eta hemendik lortutako ekarpenak uztartu. “Adibidez, arkeologiaren kasuan, bagenekien historiaurrean gizakiak harraldera etortzen zirela arrantzara, lapen eta magurioen oskolak aurkitu direlako kobazuloetako aztarnategietan… Lapak eta magurioak hartzen bazituzten, olagarroak zergatik ez? Gainera, ohartu gara haragi gehien eskaintzen duten itsaskiak zituztela gogokoen… Olagarroak baino haragi gehiago eskaintzen duenik ez dago”. 

Olagarroaren arrantza historiaurretik datorrela defenditzen dute, beraz, Alberdik eta Artetxek.

Lehortzeko teknika berezia

Olagarroa lehortzeko ohitura da Zumaiako olagarrozaleen berezitasun bitxienetako bat. Ezaguna da arraina lehortzeko ohitura hainbat tokitan, eta olagarroak lehortzen dituzte Mediterraneoan eta Afrikako zenbait herrialdetan, baina ez Zumaian erabiltzen den teknikarekin: aurrena usteltzen uzten da, giharrak biguntzeko, eta ondoren lehortu. Teknika hau ere antzinatik datorrela uste dute Alberdik eta Artetxek: “Jaki asko harrapatzen baduzu, momentuan dena jan edo gordetzeko moduren bat behar duzu alferrik galduko ez bada. Harraldean bil daitezkeen itsaskien artean, kontserbatzeko aukera ematen duen bakarra olagarroa da. Kontuan izan historiaurrean ez zegoela eskabetxerik edota beste teknika landuagorik. Lehortu edo ketu, beste aukerarik ez zegoen orduan”.

Denborarekin jakiak kontserbatzeko teknika berriak asmatu diren arren, Zumaian olagarroa lehortzen jarraitu da, eta gaur egun ere hala egiten da. Alberdi eta Artetxeren iritziz, Zumaian arraina ere lehortzeko izan den tradizioarekin lotura izan dezake. Ikerketan adibide interesgarririk aurkitu dute, gainera: “Zumaian tradizio handia egon da arrainak ere lehortzeko: kolaioa, adibidez. Baina azpimarratzekoa da XVIII. mendearen amaieratik aurrera mielkaren inguruan Zumaian garatutako industria, Jose Eizmendi bikarioari esker [ikus aparteko testua]. Tradizio horrek lagunduko zuen, agian, olagarroa lehortzeko ohiturari eusten”.

Emakumeak olagarrozale

Gaur egun ezagutzen ditugun olagarrozaleak hamarretik bederatzi gizonezkoak dira; baina, Alberdik eta Artetxek bildutako datuen arabera, duela mende batzuk olagarroaren arrantza emakumeen lana zen. “Industrializazioaren aurreko gizartea erabat bestelakoa zen. Gizona etxetik kanpo ateratzen zen dirua egiteko asmotan, zulotik ateratzeko, etxearen jabe egiteko… Asko eta asko atzerrira joaten ziren, Ternuara, Sevillara… Kasu askotan, urteak egiten zituzten etxetik kanpo. Pierre de Lancre inkisidoreak, Donibane Lohizunera iritsi zenean, ez zuen gizonik aurkitu. Denak Ternuan zeuden. Eta ikusi zuen herriko ekonomia martxan zegoela, emakumeen esku. Bere logikan, hankaz gora zegoen gizarte hura; denak sorginak zirela erabaki eta 200 edo 300 erre zituen… Hau da, etxeko ekonomia, egunerokoari aurre egiteko ekonomia, emakumearen esku gelditzen zen”. 

Olagarroa ez da sekula izan arrantzarako lehen mailako harrapakina: Kofradiako liburuetan apenas agertzen da olagarroari buruzko daturik. “Harraldeko arrantza izanik, etxeko ekonomia osatzera, elikagaiak lortzera, zegoen bideratua. Beraz, emakumeen eta etxeko umeen kontua zen. Gizarte eredu hori errotik aldatu zen XIX. mendeko proletarizazioarekin. Gizonak jadanik ez du lan egingo kapitala sortu eta aurrera egiteko helburuarekin, irauteko izango da soldata. Hor erabat aldatzen da gizartea. Baina industrializazioaren aurretik harraldeko arrantza emakumeen kontua zen”. Gerora, XX. mendean, olagarroa lehortzea eta prestatzea izan da, batik bat, emakumearen lana.

Tesia nahikoa iraultzailea da, baina argudiorik ez zaie falta: “Hori baieztatzen duen dokumentu bat aurkitu genuen Tolosan, Gipuzkoako Korregidorearen auzitegiko artxibategian. 1716ko epaiketa baten berri ematen du, harraldean gertatu zen bortxaketa kasu baten ingurukoa. Dokumentuak informazio asko ematen du: nortzuk joaten diren olagarrotara, nondik jaisten ziren, noiz egiten zuten arrantzan, zer harrapatzen zuten… Hor ikusten da gehienak emakumeak zirela. Dokumentu hori altxorra izan da guretzat, ikerketarentzat sekulako makulua delako. Informazio zuzena eman digu. Eta, bestetik, Zumaiako toponimian monumentu bat dago, Marianton, hain zuzen ere, harraldean arrantzan ari zela hildako emakumea”.

Gerra ondorengo gosea

Javier Carballok bildutako testigantzen arabera, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte batez ere baserritarrak (harraldetik gertu bizi zirenak) aritu ziren olagarroak harrapatzen haitzean. “Horren arrazoi nagusia da baserritarrek aukera handiagoa zeukatela komeni zitzaienean baserriko lanak utzi eta itsasbeheran harraldera jaisteko; langile kaletarrarentzat zailagoa zen hori egitea, ordutegi zurrunagoen menpe zegoelako lantokian”, azaldu du Carballok. Hala ere, kaletarrak ere moldatzen omen ziren, nola edo hala, olagarrotara joateko. Baina Gerra Zibilaren ondoren are gehiago nabarmendu zen joera: “Jendetza joaten zen harraldera, gosea kentzeko jatekoaren bila”.

Planerian olagarrotan.

Belaunaldiz belaunaldi jasotako tradizioa

XX. mendeko olagarrozaleen bilduma osatzeko ikerketa lan handia egin du Javier Carballok. “Oso zaila da olagarrozale guztiak biltzea liburu batean, eta, ziur aski, aipatu beharreko bat edo beste geldituko zen sartu gabe. Jende askorekin hitz egin dut, eta irizpide sinple batean oinarritu naiz: guztiei galdetzen nien, beraien iritziz, zeintzuk ziren olagarrozale aipagarrienak. Behin eta berriro agertzen ziren dozena bat lagunen izenak: Jose Manuel Ardantza, ErramunBeltza, Pio Elosua, Jose Ramon Pastorito, Klaudio Pikote, Ebaristo Akebarro,EtxenagusiaKurrillua… Eta ondoren neuk esaten nizkien izenak, eta haiek erantzun: ‘hura ere bai’, edo ‘bai, baina ez hainbeste, anaia gehiago…’. Galdeketa hori izan da nire lanaren muina. Baina seguru nago izen batzuek ihes egin didatela. Hori bai, azpimarratu nahiko nuke elkarrizketatu guztiek oso ondo hartu nautela eta denek erraztasun guztiak eman dizkidatela. Inork ez dit atea itxi, inork ez dit informaziorik ukatu”.

Jasotako lekukotasun horien emaitza da liburuaren zatirik mardulena: Zumaiako olagarrozaleen historia, familien arabera antolatuta, kasu gehienetan olagarrotarako zaletasuna etxean ikasitakoa baita. Olagarrozaleen testigantzak, gertatutako pasadizoak, bitxikeriak, argazkiak… XX. mendeko Zumaiako gizartearen zati garrantzitsu baten erradiografia zehatza.

Gaur egungo arauak

Gerraondoko gose garaiak joan ziren, eta, herriko ekonomiak aurrera egin ahala olagarroak garrantzia galdu du etxeko ekonomian: jadanik ez da behar gosea kentzeko. Oraindik badira saltzeko arrantzatzen duten gutxi batzuk, baina gehienek zaletasunagatik eusten diote, denborapasa modura. Gizartea ere asko aldatu da azken 30 urteotan, eta gaur egun olagarroaren arrantza zorrotz araututa dago: olagarro bakarra har daiteke arrantzaldi bakoitzeko, eta 750 gramotik gorakoak. Inaxio Manterola biologoak –olagarroaren deskribapena egin du liburuan– arau ustelak direla uste du: “Legeak jarriko dituzte nahi dituzten guztiak, baina denak barregarriak dira. Esate baterako, andarika arrantzatzeko debeku garaiak Galiziako berberak aplikatu dituzte hemen, baina kumeak ez dituzte sasoi berean egiten… Lehorreko arrantzarekin itsasoari egin dakiokeen kaltea, erabiltzen diren baliabideekin (kakoa, kanabera…), oso-oso azalekoa da. Arazoa itsasoan dago, itsasoa eta harraldearen arteko komunikazioa moztuta dagoelako. Horregatik dago hain olagarro gutxi gaur egun, itsasoan sare mordoa dagoelako zabalduta. Itsasoan eragiten ari den kaltea kontrolatu behar da. Horregatik, oso interesgarria litzateke korridore ekologikoak sortzea, komunikazio hori errazteko”.

Javier Carballoren iritziz, lehengo arrantza oparoak ezin ditugu gaur egungo begiekin epaitu: “Lehen, itsasaldi onak egokitzen zirenean, 30-40 kilo harrapatzen zituzten egun bakoitzean. Baina hiru egun onak amaitutakoan, kitto. Kontuan hartu behar da zertarako arrantzatzen zuten: batik bat, jateko; gero, saldu ere egiten zen, baina etxeko ekonomia osatzeko izaten zen. Ez da sekula arrantza industriala izan. Gainera, ez ziren soilik olagarrotara joaten: izkirak, andarikak, lapak… Harraldeak ematen zuena, etxean jateko”.

-Beraz, gaur egun olagarro gutxi baldin badaude, ez da garai batean gehiegi arrantzatu zelako…

Javier Carballo: Ez, ez. Olagarroa urtebete bizi da eta ez baduzu arrantzatzen hil egingo da. Horregatik gaur egungo legeak ez du zentzurik. Are gehiago, legeak berak dio ez dela mugatzen olagarro kopurua urritzeko egon daitekeen arriskuagatik, baizik eta arrantzatzeko brankadetako haitzak puskatzen direlako… Horrek oraindik zentzu gutxiago du, olagarrozaleek ez dituzte-eta haitzak puskatzen! Ezjakintasuna da hori.

Olagarroa harrapatzeko teknikak

Zumaiarrek olagarroa harrapatzeko bi era dauzkate: marketan eta kanaberarekin. 

Algorritik Portutxikira bitarteko zabalgunean batez ere marketan aritzen dira arrantzan. Kanaberarekin, batez ere Itzurun, Inpernupe, Parolpe, Orroaga eta Planeria inguruetan; izan ere, inguru horietan haitzak handiagoak eta zapalak dira, olagarroak haitzen azpian sartzen dira, zuloetan, eta ez da hain erraza aurkitzea olagarroak utzitako arrastoak.

Bai marketan, bai kanaberarekin, olagarroa kateatzeko altzairuz egindako kako bat erabiltzen da. Muturretako batean, hagaxka okertuta dago, amu baten itxuran, eta bestean kirtena jartzen zaio, gehienetan egurrezkoa, eskuarekin heltzeko.

Evaristo Osa harraldean, olagarroak marketan arrantzatzen.

“Marketan” arrantzatzeko, olagarrozaleek arrastoak bilatzen dituzte, olagarroek zuloaren edo ezkutalekuaren sarreran uzten dituztenak: zulo barrura sartzeko, olagarroek hondarra edo harrixkak ateratzen dituzte eta kanpoaldean utzi, eta inguruan hamarren oskolak, lapen maskorrak eta beste marisko batzuen hondarrak ere egongo dira, olagarroak digeritu ezin izan dituenak; horiek guztiek, “markek”, adieraziko dute olagarroa ez dabilela urruti. Arrantzaleek kakoa zuloan sartzen dute, eta, mugituta, barruan olagarrorik badagoen begiratzen dute; baldin badago, kako batekin edo birekin kateatzen dute eta indarrez tiratzen diote, ateratzeko; hil ondoren, zakuan sartzen dute. 

Kanaberakin, berriz, bestela jokatzen da. 1,80 zentimetro luze inguruko banbu-kanabera (Zumaian frantses kanabera ere deitzen diote) luze baten muturrean karnata jartzen da (hamarra, arrain burua, oilasko hanka…) edo trapu zuri batek ere balio lezake; kanaberaren mutur hori haitzaren azpialdera sartzen da, olagarroa egon daitekeen zuloan; olagarroa han baldin badago, heldu egingo dio, erroekin harrapatzen saiatuko da; orduan, arrantzaleak kakoarekin kateatuko du eta uretatik aterako du. Olagarroa uretatik ateratakoan, komeni da eskuarekin heltzea, ez ihes egiteko. Hainbat eratan hil daiteke olagarroa: hartu eta haitzaren kontra behin eta berriz botata, begien artean daukan nerbioan kosk eginda, zapalduta, burualdeko poltsari buelta emanda…