Angula galzorian?

Gorka Zabaleta 2013ko ots. 10a, 16:14
Angula baten makroargazkia. Argazkia: Gorka Zabaleta

Ozta-ozta hazbete luze den zizare koloregabeak zenbat pasadizo, uste eta eztabaidarako ematen duen. Platerean imajinatzen ditugu, baina ezer gutxi dakigu angula liluragarriaz.

Ez dago angula bezain arrain mediatikorik. Itsasoetako Messi da. “Zerbait berezia du. Angularekin zerikusia duen edozein berri amu paregabea da komunikabideentzat”. Esti Diaz eta Aizkorri Aranburu ez dira marketin adituak. Azti-Tecnaliako biologoak dira. Angula ikertu eta espeziea ugaltzeko neurriak proposatu eta kudeatzen dituzte. Bazekiten Urolako bi kilo angula errekan gora askatzeko ekimenak kazetari andana erakarriko zuela. “Beti gertatzen da angularekin. Orian egin genuenean ere eromena izan zen. Elkarrizketak bata bestearen atzetik”. Gabonetan edo San Sebastianen bueltan, albistegietako ohiko irudia da, arrandegietan angulak 500, 600 edo mila euroan. Gutxi batzuen eskura dagoen luxuzko produktua. Futboleko izarren distira du angulak. Baina, komunikabideetan saltzen zaigun irudiaz aparte, zer dakigu animaliaz? Galzorian al dago? Zergatik? Zer neurri proposatu dira? Zer diote angulazaleek? Urolako bi kilo angula ezagunenen distirarekin itsutu gabe, erantzunak bilatzen saiatu gara.

Animalia konplexua

Hasteko, angulaz baino aingiraz hitz egin beharko genuke, angulak aingira bihurtzen baitira heldutasunean. Gaur egun zientzialariek badakite Karibe inguruan sortu eta Atlantikoa zeharkatzen dutela Europako errekak kolonizatzeko. Heldutasunean, berriz, kontrako bidea egiten dute. Baina oraindik misterioa da Sargazoen itsas hondoan gertatzen dena, ez baita irudiekin dokumentatu zehazki non eta nola den ernaltzea eta errutea, sakonera handian gertatzen baita. Nola dakite, orduan, Karibe aldeko Sargazoen itsasoan jaiotzen direla? Larben jarraipena eginez. Johannes Schmidt biologo danimarkarrak hartu zuen lana, XX. mendearen hasieran. Itsasoz, Atlantikoaren hegoaldetik iparralderantz zetozen larbak aztertu zituen, eta ohartu zen zenbat eta hegoalderago orduan eta txikiagoak zirela. Txikienak, zentimetro ingurukoak, Sargazoen itsasoan aurkitu zituen.

Larbak angula bihurtuko dira Atlantikoa zeharkatzerako –bi urte eta erdiko bidaia–, eta behin itsasadarretan sartzen direnean itxuraldatzen hasiko dira, aingira bihurtu arte. Heldutasunera iristea lortzen badute…

Espeziea arriskuan

“Aingiraren etorkizuna arriskuan dago. Europa osoko datuak aztertuta, garbi ikusten da espeziea gainbehera doala. Arrantzaleek diote zikloak direla, izaten direla urte bolada onak eta txarrak. Hori hala da, baina joera beheranzkoa da, dudarik gabe”. Gainbehera azaltzeko ez dago arrazoi bakarra. Arrazoi multzoa zerrendatu du Esti Diazek: “Gehiegizko arrantza, habitata suntsitzea, errekan gora egiteko oztopoak, kutsadura, harrapakariak…”. Arazo konplexua da. Baina zerrenda horretatik bi arazo nabarmendu ditu: “Alde batetik, hainbat hamarkadatan egin den gehiegizko arrantza. Datu zehatzik ez daukagu, baina 2003ra arte ez da inolako kontrolik egon eta neurririk gabe arrantzatu da; bestea, habitata suntsitzea, eta, bereziki, erreketan eraikitako oztopoak: presak, urtegiak… Aingirari gero eta leku gutxiago utzi diogu eta horrek eragin zuzena du haren garapenean. Herri asko eraikitzeko hezeguneak suntsitu dira; erreka bazter naturalak galdu dira”.

Espeziearen gainbeheraz ohartuta, Europar Batasunak neurriak eskatu dizkie aingirak kolonizatutako herrialde guztiei. “Aingirak aurrera egingo badu, denok hartu behar ditugu neurriak, bestela alferrik izango da. Oraingoz, herrialde bakoitzak bere irizpideak ezarri ditu. Europa iparraldeko zenbait herrialdetan arrantza erabat debekatu da, han arazoa larriagoa delako”.

Eusko Jaurlaritzak 2003an ezarri zuen angularen gaineko kudeaketa plana. “Hainbat neurri proposatzen dira. Arrantzari dagokionez, aingiraren arrantza debekatu da, eta angularena arautu. Horrez gain, errekak birpopulatzeko ekimenak jarri dira martxan, Urolakoa, esate baterako”. Habitata berreskuratzeko eta erreketako oztopoak murrizteko neurriak ere proposatu dituzte, baina zailagoa da hor eragitea. “Urolan, adibidez, presak, zentral hidroelektrikoak eta urtegiak daude. Batzuk kultur ondare daude kontsideratuta; beste batzuk oraindik erabiltzen dira eta ustiatze eskubideak daude; jabe pribatuak ere badaude tartean… Interes asko gurutzatzen dira. Guk aingirari begiratzen diogu eta neurriak proposatzen ditugu, baina gero politikoek erabaki behar dute. Eta, gainera, neurri garestiak dira eta gaur egun ez dago dirurik. Baina aipatutako arazo guztiei jarri behar zaie konponbidea. Soilik arrantza debekatuta ez da angula berreskuratuko”.

Neurri globalak

“Neurriak maila globalean hartu behar dira. Europar Batasunak eman ditu pausoak, baina, adibidez, Afrika iparraldean ez dago inolako araurik”. Hutsunea baliatu dute, hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat enpresak, Mauritanian, Mendebaldeko Saharan edota Marokon arrantzatutako angula saltzeko. “Aurten, estreinakoz, Europako eta Afrika iparraldeko herrialdeak batzartuko dira gaia aztertzeko”.

Angula bakoitza mila euroan

Europan baino askoz lehenago ezagutu dute Japonian aingiraren gainbehera. Han, munduko bazter gehienetan bezala –salbuespena da Euskal Herria–, aingirak interesatzen zaizkie jateko. Europako angula gehienak, esate baterako, txinatarrek erosten dituzte, ondoren haztegietan loditzeko. Japoniako aingiraren gaineko presio gehiegizkoak espeziea desagertzea ekarri du ia. Arazoari aurre egiteko, aingiraren ziklo osoa laborategian osatzeko ikertzeari ekin zioten duela 70 urte. Duela pare bat urte lortu dute, baina oraingoz produkzio kostuak ikaragarriak dira: mila euro behar dira angula bat ekoizteko. Kostuak murriztu eta angula bakoitza euro batean ateratzea da hurrengo erronka. Angula kiloa jateko garesti (kilo bakoitzeko 3.000 angula kalkulatzen da), baina loditzeko eta aingira bihurtzeko direnez, hor egon daiteke etekina.

Gainbeheraren datuak

Aingiraren inguruko ikerketa zientifikoak nahikoa berriak dira gure artean. Aingira kopuruaren segimendu historikoa falta da –duela urte gutxi hasi dira neurketa zientifikoak egiten–, eta arrantzatutako kopuruetan oinarritzea beste aukerarik ez dago alderaketak egin ahal izateko. Eta hor ere arazoak sortzen dira, harrapaketaren gaineko kontrola 2003an hasi baitzen Gipuzkoan eta Bizkaian. Beraz, Asturias edo Galiziako datuak erabili behar izan dira denboran atzera egin ahal izateko.

Asturiasko San Juan de la Arenako kofradiak eskaintzen du serie historiko luzeena. 1952tik 1972ra, urtean 10.000 eta 20.000 angula kilo arteko harrapaketak daude erregistratuta. 1972tik 1978ra gora egiten du, 80.000 kilo ingururen bueltan; eta hortik aurrera gainbehera jarraia da –urtetik urterako gorabeherekin– eta gaur egun mila kilo inguru erregistratzen ditu. Joera berbera ikusten da Miñoko (Galizia) eta Albuferako (Valentzia) datuetan. 

Europari dagokionez, iparraldeko herrialdeetan 1950eko hamarkadan hasi ziren aingiraren gainbeheraz kezkatzen. Euskal Herrian 1980ko hamarkadatik aurrera areagotu da kezka. Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak 2003tik aurrerakoak dira. Urtetik urtera gorabeherak dauden arren, mila kilo inguru harrapatzen dira, batezbeste. Urolari dagokionez, 100 eta 150 kiloren bueltan dabiltza sasoi bakoitzeko harrapaketak, sasoi batetik bestera gorabeherak dauden arren. Datu hauek angulazaleek denboraldi amaieran aurkezten dituzten harrapaketa koadernoetan oinarritzen dira. Joerari dagokionez, azken hamarkadan kopuruak mantendu egin direla esan daiteke.

Urolan 98 presa edo oztopo daude

 Gehiegizko arrantzarekin batera, zientzialarien ustez habitataren deuseztea eta ibaian gora eraikitako presak eta bestelako oztopoak dira aingiraren gainbehera azaltzeko arrazoi nagusiak. Urola ibaian, esate baterako, 98 presa edo oztopo daude. Gipuzkoako Foru Aldundiak sailkatuta dauzka neurriaren eta zailtasunaren arabera. Hamar metrotik gorako lau oztopo daude. Arrainentzako pasabideak, berriz, hamabi. 98 oztopo horietatik (presak, urtegiak, zentral hidroelektrikoak…) gaur egun 34 erabiltzen dira; gainontzekoak utzita daude.

Zumaian arrantzatu eta Azkoitia eta Zumarraga artean Urola ibaian askatutako angulak.

Urola aingira ugaltzeko saioa

Aingira berreskuratzeko kudeaketa planaren barruan, Urola ibaian aingira ugaltzeko ekimena jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Azti-Tecnaliaren eskutik, angulazaleekin elkarlanean. Urtarrilaren 11. Ezohiko mugimendua dago Igaraberri baserriaren inguruan. Hamaika kotxe, kazetari, kamera eta argazkilari bildu dira zubiaren inguruan. Azkoitia eta Zumarraga artean dago Igaraberri, Urola ibaiaren ondoan. Ez alferrik. Garai batean errota izan zen. Etxeko nagusia gerturatu da, jakin-minak zirikatuta. “Atzo gauean bi kilo angula harrapatu genuen Zumaian eta hona ekarri ditugu, hemen hazi daitezen”, azaldu dio Aizkorri Aranburu biologoak. “Angulak? Gogoan daukat, txikiak ginela hemen izaten zen nahikoa aingira. Baina gero Orbegozo hasi zen lanean Zumarragan eta erreka erabat hondatu zuen. Orduz geroztik ez dago aingirarik”.

Azkoitiraino iristen da gaur egun aingira Urola ibaian. Aizpurutxotik gorako eremuak ere koloniza ditzan nahi dute biologoek, eta horretarako itsasadarreko angulak han goian askatzea erabaki dute. Bezperan, urtarrilaren 10ean, Zumaiako angulazaleek harrapatutakoak dira. Aurrerantzean segimendua egingo zaie, Ekolur enpresaren laguntzarekin. Zortzi bat urte beharko dituzte aingira heldu bihurtu eta itsasorantz abiatzeko. “Ez dakigu zer emaitza emango duen, baina gaur egun aingirari lagundu egin behar zaio errekan gora egingo badu, oztopo ugari baititu bidean”, azaldu du Azti-Tecnaliako biologo Esti Diazek. 

Aizkorri Aranburu eta Esti Diaz, Aztiren laborategian.
Erlazionatuak

Sargazoetako harribitxia

Gorka Zabaleta 2013 ots 10 Zumaia

Angularen bihotz taupadak

Gorka Zabaleta 2013 urt 30 Zumaia

Angulak ugaritzeko saioa Urolan

Gorka Zabaleta 2013 urt 11 Zumaia