Bost eguneko greba deitu du ELAk Gipuzkoako zaharren egoitzetan

Baleike 2018ko aza. 23a, 09:22

Bost eguneko greba deialdia egin du ELA sindikatuak Gipuzkoako zaharren egoitzetan. Greba azaroaren 26tik 30era bitartean egingo dute.

Sindikatutik patronalak (Adegi, Garen, Lares eta Matia 2020) eta Aldundiak erakutsitako jarrera salatu eta Gipuzkoako erresidentzietako mahai sektorialean inolako mugimendurik izan ez dela azpimarratu dute. “2017 eta 2018rako soldaten izoztea planteatzen jarraitzen dute eta ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan. Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen”.

“Patronalaren estrategia denbora pasatzen uztea izan da eta azkeneko mahai sektorialean eginiko proposamenak hutsaren hurrengoak izan dira. ELAtik argi daukagu zeintzuk diren gure minimoak: 2017 eta 2018rako soldata igoerak jaso behar ditu akordioak eta nola ez, sektoreko hitzarmen hori enpresetan jasota geratu behar da”, gaineratu dute.

Grebarekin batera mobilizazioak ere egingo dituzte. Astelehenean eta ostiralean Donostian egingo dira. Gainontzeko egunetan eskualdean egingo dituzte:

  • Azaroak 27: Kontzentrazioa Azpeitiko plazan, 11:30ean.
  • Azaroak 28: Kotxe karabana 10:00etan Zarauztik hasita.
  • Azaroak 29: Pintxo pote aldarrikatzailea Zumaian, 19:00etan.