Gure mendien sorrera, arestiko klimaren laborategia

Asier Hilario 2018ko urr. 12a, 17:52
Lasturreko harrobian duela 100 milioi urteko koral arrezifeak ikusten.

Iluna dago. Hotz. Apenas daukagu mugitzeko lekurik. Uraren tantaketa besterik ez da entzuten: tan, tan, tan, tan… Geoparkearen bihotzean gaude, kobazulo sakon baten barruan. Hemen dago gure mendien garapena ulertzeko giltza. Hemen barruan dago hor kanpoan gertatu denaren erantzunaren zati handi bat.

Euskal Kostaldeko Geoparkea eremu menditsua da, kostaldetik gertu dagoen lurralde malkartsua. Hor daude Andutz, Arno edo Sesiarteko tontorrak, 600 m baino gehiago altxatzen diren talaia pribilegiatuak. Horien magaletan ezkutatzen dira baserriz ornitutako Lastur, Olatz edo Astigarribiako bailara itxi eta ezkutuak. Hori da gure egungo paisaia, azken 5 milioi urteetako garapena eta klima ulertzeko informazio gordetzen duen altxorra.

Noiz eta nola sortu ziren gure mendiak? Noiztik du gure lurraldeak egun ezagutzen dugun itxura? Adi, milioi bat urte bakarrik atzera egingo bagenu, ez genuke gure lurraldea ezagutuko.

Mendien sorrera ulertzeko hiru etapa aztertu behar dira beti:

1) Arroken sorrera.Zer arrokak osatzen dute mendi hori? Non, noiz eta nola sortu ziren? Arroka mota desberdinek erliebe desberdinak garatzen dituzte. 

2) Arroken deformazioa.Arroka horiek tolestuta edo pitzatuta daude? Noiz gertatu zen deformazio hori? Zergatik? Sortutako egitura nagusien norabideak (tolesak, fallak, pitzadurak...) higadura guztiz baldintzatuko dute. Arroka bat errazago higatzen da pitzatuta dagoenean.

3) Arroken higadura eta paisaiaren bilakaera. Noiz, nola eta nork higatu ditu arroka horiek egungo paisaia sortzeko? Euri-urak? Haizeak? Izotzak?

Gure mendien euskarria fosilez beteriko kareharriek osatzen dute. Zehazkizun handiagoz begiratuko bagenu, begibistaz erraz ikusiko genituzke koralak, ostreidoak, errudistak edo belakiak. Kareharri horiek duela 110 eta 100 milioi urte (Mu) bitartean sortu ziren sakonera txikiko itsaso tropikal batean. Aldi berean, baina sakonera handiagoan, Deba eta Mutriku artean ikus daitekeen flysch beltza sortu zen. Behe Kretazeoko itsaso tropikal horretan sortu ziren Euskal Herriko mendi nagusi gehienek eratzen dituzten kareharri gogor eta potolo hauek, hala nola: Izarraitz, Hernio, Txindoki, Aizkorri edo Anboto.


Behe Kretazeoan Geoarkearen kokapena.

 Iberiako plaka mugitu egin zen eta itsaso tropikal hura ixten hasi zen Penintsulak Europarekin talka egin zuen arte. Poliki-poliki gertatu zen Pirinioak eta Euskal Mendiak altxatu zituen talka erraldoi hura. Gure inguruan duela 40 bat milioi urte hasi zen, eta indarra galduta badu ere, oraindik altxatze mugimenduak nabari daitezke. Oso astiro gertatzen dira mugimendu horiek, urtean milimetro bat baino gutxiago, baina indarra ikaragarria dute. Horren adibide dira lurrikarak edo Sesiarten ikus daitekeen bezala, mendiak tolesteko gaitasuna. 

Iberiako plaka mugitu egin zen eta itsaso tropikal hura ixten hasi zen Penintsulak Europarekin talka egin zuen arte. Poliki-poliki gertatu zen Pirinioak eta Euskal Mendiak altxatu zituen talka erraldoi hura. Gure inguruan duela 40 bat milioi urte hasi zen, eta indarra galduta badu ere, oraindik altxatze mugimenduak nabari daitezke. Oso astiro gertatzen dira mugimendu horiek, urtean milimetro bat baino gutxiago, baina indarra ikaragarria dute. Horren adibide dira lurrikarak edo Sesiarten ikus daitekeen bezala, mendiak tolesteko gaitasuna. 

Hirugarrena da erliebea eta mendien itxura ulertzeko etapa garrantzitsuena. Higadura. Gurean bi faktore dira gako nagusiak: 

1) Euri ura begetazioarekin nahasten denean azidotu egiten da eta kareharrietako kaltzio karbonatoa disolbatzeko gaitasuna dauka. Horrela sortzen dira kobazuloak eta karst izeneko paisaiak.

2) Itsasoarekiko gertutasunak guztiz baldintzatzen du gure klima euritsua eta mendien morfologia.

Gure mendi gehienek kono itxura dute. Tontorren altuerak neurtzen baditugu konturatuko gara talde desberdinetan multzoka daitezkeela. Kostaldetik abiatuz 125 m, 200 m eta 310 m-tara kokatzen dira tontor gehienak. Kareharrizko muino isolatu horien taldekatze horrek adierazten digu multzo bakoitzak, iraganean, kareharrizko masa jarrai batean izan zuela oinarria. Kareharriak itsasotik azaleratu zirenean masa jarrai eta horizontal baten itxura izango zuten, gaur egungo zabalgunearen antzekoa. Poliki-poliki begetazioak kolonizatu eta euri urak kareharrizko masa hori disolbatzen hasi zen sakonuneak (Olatz, Lastur, Astigarribia edo Ziñoako bailarak) eta konoak (mendiak) sortuz. Disolbatze prozesu horretan zehar konoen barruan kobazuloak sortu dira eta horien galeriak lerrokaturik daude maila eta altuera konkretuetan ere.

 Euri urak kareharrizko masa jarraiak disolbatzean sortzen dira konoak eta sakonuneak. Higadura mota hau gaur egun Vietnamen, Txinan edo Thailandian ikus daiteke, klima subtropikaletan.

 

Hiru multzo horiek edierazten dute altxatze prozesua ez dela lineala izan eta 3 pultso desberdinetan gertatu dela. Hori guztia noiz gertatu zen jakiteko, disoluzioak kobazuloetan sortutako egiturak aztertu behar dira. Uranio/Torio isotopoak erabiliz, adibidez, tantan tanta hauspeatutako espeleotema ezberdinen adina jakin daiteke. Kobazuloen barruan aurkitutako metakin flubialak aztertuz jakin dezakegu noiz pasa izan zen azkenekoz erreka bat galeria maila horretatik. Gaur arte ditugun datuekin esan daiteke 310 m-ko erliebeak sortu dituen zabalgune hura duela 5 Mu inguru azaleratu zela itsasotik, 200 m-ko erliebeak sortzen dituena (Salbatore) duela 2 Mu eta 125 m-koak (Praileaitz) duela 1 Mu (Aranburu et al, 2015).

 

Kostaldetik gertuen dauden maila desberdinen altxatze modeloa. 

Esan dezakegu, beraz, duela 5 Mu gure mendiak ez zutela gaurkoen antzik, paisaia guztiz desberdina zela eta bailarak eta sare hidrografikoa ere ez zela gaur ezagutzen duguna. 

Eta horrek guztiak, paisaiaren bilakaerak, klimaren eboluzioarekin erlazio zuzena du. Tantaketaren isuria, erreken emaria, begetazioa, itsasoaren maila eta abar, dena dago klimarekin lotua eta informazio hori guztia kobazuloetan gordeta dago.

Barrurago badaude mendi altuagoak eta zaharragoak, baina hori beste historia bat da.