Bihar hasiko da Euskaraldia ariketa soziala

Baleike 2018ko aza. 22a, 20:00

Bihar hasiko da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede.

Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete. Ariketa sozial handia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Baionan egin da gaur arratsaldez Euskaraldiaren irekiera ekitaldia. Bertan parte hartu dute entitate eta erakunde antolatzaileen ordezkariek, herrietako batzordeetako kideek, entitate sustatzaileek eta ahobizi zein belarriprest modura arituko diren hainbat herritarrek. Ondorengo lagunek hartu dute parte besteak beste: Jean-René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren Lehendakari eta Baionako auzapezak, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikako presidente-ordeak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Paula Kasares Euskarabidea Nafarroako Euskara Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, eta Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiko koordinatzaileak. Euskaraldiaren antolaketan aritu diren batzordeetako kideek eta bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest gisa arituko diren hainbat lagunek ere hitza hartu dute ekitaldian. Era berean, ekitaldian Maddi Oihenart, Ruper Ordorika, Odei Barroso, Alaia Martin eta Maryse Urrutyren emanaldiak gozatu ahal izan dituzte bertaratutakoek.

Izen-emate datuak

Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur Baionan egin den aurkezpen ekitaldian.

Izena emateko bi baldintza bete behar zituzten partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker.

Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean.

Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan.

Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:

  • Araban  17.500
  • Bizkaian  68.500
  • Gipuzkoan  84.000
  • Ipar Euskal Herrian  5.500
  • Nafarroan  20.500

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko den ariketa. Bereziki azpimarratu da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera:

  • 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak.
  • 26 eta 35 urte artean %18ak.
  • 36 eta 45 urte artean %28ak.
  • 46 eta 55 urte artean %19ak.
  • 56 eta 65 urte artean %12ak.
  • 65 urte baino gehiago %5ak.

Ariketa prestatzeko aurrelanetan milaka lagun prestaketa saioetan aritu direla ere azaldu dute Euskaraldiko bozeramaleek, ahalduntze ariketa garrantzitsu bat izaten ari denaren erakusgarri modura.

Babes handia

Euskaraldiaren aurkezpena 2017ko azaroaren 23an egin zen, Bilboko Arriaga antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Ordurako, sei hilabetetako lana egina zegoen Euskaraldia diseinatzen, aurkezpenak egiten eta sustatzaile sarea osatzen. Urte eta erdiko lana izan da, beraz, Euskaraldiaren atariraino heldu dena.

Koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira. Baina, hortaz gain, era guztietako 180 entitatek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Entitate horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Sarea, baina, askoz zabalagoa izan da, herriz-herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak (gizarte eragile, elkarte eta enpresak) aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan.

Ariketa: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia

Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dute antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeramaleen ustez. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin diete.