Hizkuntzarekin sortutako zalantzei erantzuteko tresna du abian Emunek

Baleike 2018ko aza. 20a, 18:05

Emunek ekainaz geroztik du abian www.hitzartzen.eus, hizkuntza portaerak aldatzen lagundu nahi duen webgunea. Urteetan www.telptailerrak.eus martxan izan ostean, atal berriak gehitu eta guztiz eraberrituta aurkeztu dute webgune hori.

Hizkuntza ohiturak aldatzen ari diren edo aldatu dituzten lagunen testigantzak daude jasota han; ez hori bakarrik, ariketa horretan trebatu nahi dutenentzat tresnak ere ematen dituzte: alde batetik, norberaren portaerak ulertzen lagunduko duten artikulu interesgarrien bloga, eta bestetik, kontsultak egiteko gunea; egunerokoan sortzen diren zalantzei erantzunak bilatzen lagunduko diete Emuneko adituek han. Horrez gain, Emunek eskaintzen dituen saioen inguruko informazioa ere badago Gure saioak atalean.

Emunek gogorarazi du Euskaraldiak hizkuntza ohitura aldatzeko erabakia hartzen lagundu nahi duela, eta parte hartuko dutenek rol bat edo bestea aukeratu ahal izan dute. Hala, ekimenak iraungo duen hamaika egun horietan espazio babestua eskainiko dute egin nahi diren aldaketa horiendako. Parte-hartzaileei bidean sortuko zaizkien zalantzei eta ezinegonei erantzuten lagundu nahi die Emunek, eta era berean, bizipenak konpartitzeko aukera eman www.hitzartzen.eus-en bitartez.