Leire Esnalek Real Sociedad Fundazioarekin jokatu du Genuine ligan

Baleike 2018ko aza. 18a, 19:30

Asteburu honetan hasi da futboleko Genuine liga. Real Sociedad Fundazioaren kasuan Tarragonan jokatu ditu lehen hiru partidak, eta talde txuriurdinarekin aritu da Leire Esnal zumaiarra. 

Atzegi elkarteko kideek osatzen dute talde hau. Jokalari hauentzako handia izan da Realaren kamiseta janztea. Gainera, hori gutxi ez balitz, Xabi Prieto handia joan da beraiekin espedizioan Tarragonara. 

Egonaldia ederki hasi zuen Real Sociedad Fundazioak, atzo goizean jokatutako partidan Huescari 3-0 irabazi ondoren. Arratsaldean jokatu zuten bigarren partida, Fundacion Celta Integraren aurka, eta galiziarrak nagusi izan ziren 2-0 emaitzarekin. Gaur goizean jokatu dute asteburuko azken partida, CD Lugoren aurka, eta hemen ere galiziarrek irabazi dute, 2-1 emaitzarekin. 

Asteburu honen ondoren, Real Sociedad Fundazioa ligako 23. postuan dago. 30 taldek osatzen dute liga.

Gazte zumaiar honi egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izango duzue abenduko Baleike aldizkarian.