Jokin Gijarro: "New Yorkera ez naiz marka egitera joan. Behin hara joanda gozatu nahi izan dut"

Baleike 2018ko aza. 18a, 11:15

Azaroaren 4an korritu zen New Yorkeko maratoia. Irteera puntuan bildu ziren 52.000 korrikalariren artean oikiar bat zegoen: Jokin Gijarro. Kirol proba bat izateaz gain, maratoi munduko garrantzitsuenetakoa, ikuskizun galanta ere badela esan digu. 

“Oporraldi txiki baten moduan hartu genuen. Asteazkenetik asteazkenera joan ginen. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean turismoa egin genuen eta maratoia igandean zen. Hurrengo egunetan ere ibili ginen turismoa egiten.

Gu Manhattanen geunden, baina maratoitik kanpotik ateratzen da. Goizaldeko 4:15ean esnatu ginen eta gosaldu ondoren, 5:00etan etxetik atera ginen. Ia ordubeteko autobus bidaia egin behar izan genuen irteera puntura heltzeko. Goizeko 7:00etarako han ginen, eta poliziaren eta militarren kontrola igaro ondoren, korrale antzerako batean sartu gintuzten. Lasterketa 9:50ean ateratzen zen, eta ia hiru ordu horietan han egon ginen. Kafea eta janaria ematen ziguten. Botatzeko arropa eraman genuen. Gero arropa hori behartsuei edo ematen diete. Irteera puntuan neska batek Estatu Batuetako ereserkia abestu zuen. Batzuk negarrez hasi ziren. Taldeka atera ginen guztiok, eta gu lehen multzoan atera ginen. Nahiz eta 52.000 korrikalari atera ginen, korrika egiteko ondo zegoen. Ez dakit zenbat multzotan aterako ginen, baina oso ondo antolatuta zegoen. Irten eta berehala zubi bat zegoen: multzo batzuk zubi gainetik bidali zituzten, eta besteak beheko maila batetik.

Hura show bat da. Bi edo hiru kilometroan behin kontzertu bat aurkitu genuen. Batean talde bat, hurrengoan banda bat, hangoan norbait abesten. Era guztietako musikak entzuten genituen: orain afrikarra, hurrengoan gaiteroak... Zubietan kenduta –han ez zioten inori egoten uzten– ibilbide osoan zehar jendea zegoen, oihuka edota eskua ematen. Jendea animatzen zegoen ibilbide osoan, bizi egiten zuten. Hemen egoten dira ba umeak azken metrotan besoak luzatuta? Han hasieratik zeuden, eta ez umeak bakarrik. Ikuskizuna zen hura. 

Maratoi bezala gogorra da, gorabeheratsua delako. 42 kilometroan ez da leku beretik inoiz pasatzen. Central Parken amaitzen da, eta han ere gora egiten du. Kale luze-luzeetatik pasatzen da; kalearen amaiera ikusten duzu eta nabari duzu nola doan gogortzen. Entretenigarria da jendez gainezka dagoelako eta inguruan beti dagoelako norbait animatzen. Halakorik ez dut inoiz ikusi. Hemen azken 50 metroak direnak, han 42 kilometro dira.

Maratoi honetan ezin du edozeinek parte hartu, edo, behintzat, oso zaila da. Donostiako maratoi erdian egindako denborak egiaztatu zizkigun federazioak eta hara bidali zituen. Antolakuntzatik baiezkoa eman ziguten eta pixkanaka joan ginen bidaia antolatzen. Han egondako egunetan gauza eta toki dezente ikusi genituen; ez dakit zerekin nekatu ginen gehien: maratoia eginda edo oinez ibilita. Gero NBAko partida bat ere ikusi genuen, New York Knicks eta Chicago Bullsen artekoa. 

Bi ordu eta 58 minutuan amaitu nuen maratoia. Gustura nago. Berez ez nuen ilusio berezirik New Yorkeko maratoia korritzeko. Zarauzko talde batean nabil mendira joaten, eta orain urte eta erdi edo atera zen maratoi hau korritzeko ideia. Beste munduko ilusiorik ez zidan egiten. Gainera, asfaltoko maratoi bat ez nuen inoiz egin. Mendikoak eginda nituen, baina asfaltokoa inoiz ez. Mendikoa edo asfaltokoa? Desberdinak dira. Asfaltokoa monotonoagoa da. Beti zoaz erlojuaren menpe. Ez naiz marka egitera joan. Behin hara joanda gozatu nahi izan dut. Gero, txukun atera da. Mendia beste gauza bat da. Mendia ez da inoiz berdina. Gaur joan edo bihar joan, aldatu egiten da. Gora eta behera joanda, entretenitu egiten zara. Zein den zailagoa? Ezin da esan, desberdinak dira. Denbora egitera bazoaz, biak dira gogorrak. Egia esango dut: gozatu egin dut. Berriro joango naizen? Parean tokatzen bazait, agian bai”.