Irati Osa: "Piraguan izena eman nezakeen lehen urtean ez nuen egin, tenisean jokatu nahi nuelako"

Baleike 2018ko aza. 17a, 16:00

Urte ona izan da hau Irati Osa piraguista zumaiarrarentzat. Txapelketak irabazteaz gain, bosgarren egin du Portugalen jokatutako munduko maratoi txapelketan. Urriko Baleike aldizkarian elkarrizketatu genuen. 

Etxetik al datorkizu piraguarekiko zaletasuna?

Nire aita [Xabier Osa] piraguan ibilia da aspalditik. Piraguan izena eman nezakeen lehen urtean ez nuen egin, tenisean jokatu nahi nuelako. Zumaian ez zegoen horretarako aukerarik, ordea, eta Donostiara joan beharko nuen egunero. Ezinezkoa zela esan zidaten gurasoek, eta beste kirol bat probatzeko eman nuen izena piraguan. Gainerakoak baino urtebete geroago hasi nintzen, alebinen bigarren urtean.

Gogoan duzu piraguan ibili zinen lehen eguna?

Ez. Oso txikia nintzen. Aitak, gainera, piraguaren gainean jartzen ninduen, lehorrean, baditut argazki batzuk ere.

Gustura zaude denboraldi honetan egindako lanarekin?

Aurredenboraldian helburu batzuk jarri nituen, eta denak bete ditut. Lehenik eta behin, Europarako eta mundialerako sailkatu nahi nuen. Horretarako lan egin dut buru-belarri, nire helburu nagusia zelako. Horra iristeko, ordea, Euskadiko eta Espainiako txapelketak pasa behar dira. Euskadiko txapelketa irabazi nuen, negukoa ere bai, maratoikoa, Espainiako negukoan erdialdean daudenekin aurrean aritu nintzen, maratoian nire kidea eta biok aurrean ibili gara… Beraz, bai, lortu ditut helburuak.

Binaka hartu zenuen parte jubeniletan. Aldea egongo da, ezta?

Jubeniletako bi urteetan joan nintzen K-2an, Ainhoa Hidalgorekin batera. Jubeniletan banaka ere sartu nintzen mundialera, baina bakarrik edo binaka jokatzearen artean erabaki behar izan nuen. Harreman ona nuen Ainhoarekin, eta elkarrekin parte hartzea erabaki genuen. Binaka zoazenean, zerbait gaizki egiten baduzu, badakizu bestearengan eragina izango duela. Alde horretatik, beldur gehiago nuen, bakarrik nengoelako.

Portugalen bosgarren postua lortu duzu uda honetan.

Egia esan, ez nengoen urduri. Neure buruari esan nion: “Honaino iritsi zara, orain gozatu eta kito”. Egia esan, harrituta nengoen lehen hamar paladetan lehenbiziko postuan nengoelako. Besteek aurreratu ninduten, eta olatuaren atzean jarri nintzen. Bederatzi neska gindoazen hasieran, eta ziabogaren ondoren, sei pertsona geratu ginen. Bigarren bueltan, hiru eta hiru banatu ginen. Ni bigarren multzoan nengoen. Aurrekoak berriz banatu ziren, bat lehen postuan eta beste bi atzetik. Horiek harrapatu nahi nituen, domina lortzeko aukera bat izan zitekeelako. Entrenatzaileak hirugarrena zenbat denborara nuen esaten zidan. Laugarren bueltan denbora asko atera zidan. Bosgarren sailkatu nintzen azkenean.

Txinako mundiala jokatuko da datorren urtean.

Horra sartzeko helburua jarri diot neure buruari. Aurten bosgarren egin dudanez, datorren urtean hobeto egin nahiko dut… Erronka handia da, eta ez da erraza izango.

Nolakoa da Irati Osaren egun bat?

Lehen Hezkuntza eta Ariketa Fisikoa eta Kirolaren Zientziak gradu bikoitza ikasten ari naiz Donostian. Goizean goiz kotxez joaten naiz klaseetara, unibertsitatean egon eta eguerdian itzultzen naiz bazkaltzera. Lanak egin eta 18:30ean joaten naiz entrenatzera, Zumaian bertan, mutilekin. Etxera oso berandu iristen naiz, 22:00ak aldera. Ikasteko ez dut arazorik izan, dena ongi antolatzen dudalako eta neure buruari asko eskatzen diodalako. Astelehenetan atsedenaldia hartzen dut, eta pilates eta panka egiten ditut. Prebentzio moduan egiten ditut ariketak, guztia ez delako entrenatzea: lesio bat baldin baduzu, denboraldia bertan behera gera daiteke. Larunbatetan, aldiz, goizez eta arratsaldez entrenatzen naiz. Gogor egin dut lan, baina, ezinezkoa izango litzateke ingurukoen laguntzarik gabe. Xabier Osak eta Joxe Manuel Balenciagak, besteak beste, asko lagundu didate.