Sofa sutan Gaztetxean

Sofa sutan Gaztetxean

Sofa hirukoteak aurrez ere jo izan du Torreberri Gaztetxean, baina atzokoa kontzertu berezia zen, hasierako formazioak emango zuen azken kontzertua zelako. Horren jakitun, edo, agian, maila politeko kontzertua zelako, entzule kopuru handia hurreratu zen ostiral gauean Torreberrira. 

Madeleine laukote donostiarra izan zen agertokira igotzen lehenak. "Kaixo, Sofa gara", umoretsu batekin aurkeztu ziren. Sofaren kamisetak zeramaten gainean lau musikariek, gainera. Irailean plazaratuta Su hura izeneko diskoa besapean zutela etorri ziren Zumaiara. Ohiko parametroetatik ihes egiten duen rocka eskaintzen dute donostiarrek, ahotsen tratamendu bitxiarekin. Gustura utzi zituzten bertaratutakoak.

Madeleine laukotea, atzo, Gaztetxean.

Sofa hirukotearen txanda izan zen jarraian. Esan bezala, taldearen formazio originalak emango duen azken kontzertua izan zen atzokoa, Imanol Sesma bateria jotzaile zumaiarrak taldea utzi duelako. Eta Sesma sofatik altxatu bada ere, atzokoan ez zen inondik inora galdu taldearen rock edo dena delako musika instrumental eta matematikoan. Imanolen eta Keparen oinarri erritmikoak, eta Jonberen gitarrek eta pedalek sutan jarri zuten labe bero bihurtu zen Gaztetxea. Etapa baten amaiera izan zen atzokoa. Sofak, baina, aurrera jarraitzen du, eta bateria jotzaile berriarekin eman ditu jada kontzertu batzuk.