Arrosen poesia

Baleike 2018ko aza. 14a, 20:00

Marina Zubia gazte zumaiarrak Rosas izeneko liburua argitaratu berri du. Modu poetikoan idatzitako testuez osatzen da lehen liburu hau. Maitasuna lau fasetan planteatu du bere lehen liburu honetan.

Maitasunaren  inguruan izan dituen bizipenak liburu batean bildu ditu Marina Zubia zumaiarrak. EHUn psikologia ikasten ari den 21 urteko gazteak Rosas izeneko liburua argitaratu du Almeriako Letrame argitaletxearen bitartez. Liburua salgai dago Zumaian, Aizpurua liburu dendan, Otañon eta Mandalan, 10 euroan. Internet bidez, lotura honetan klikatuta ere eros daiteke.

Era poetiko batean idatzitako testuez osatutako liburua dela adierazi digu. "Testu motzez osatuta dago, eta poema batzuk ere idatzi ditut. Amaieran esaldi motzez osatutako orri bat ere badarama". Testuak irudiez jantzita doaz.

Liburuaren izenburuarekin ama gogoratu nahi izan du. "Arrosak nahi ditut irudikatu. Batetik, nire amak Rosa izena zuen, eta bere lore gogokoena arrosa gorria zen. Bi  ideia hauek uztartu nahi izan ditut liburu honetan", dio Zubiak.

Maitasun historia baten faseak kontatzen ditu idatzi hauen bidez. "Liburua lau fasetan planteatu dut. Hasiera pixka bat idilikoa da, polita; bigarren fasea pertsona bat ahazten saiatzen zarenean zentratzen da; hirugarrenak gorroto itxura du, eta laugarrena psikologikoagoa da. Filosofia pixka bat ere sartu dut hor", azaldu digu.

Bere bizitzan jazotako historiak edo gertaerak kontatzen dituela ere gaineratu du. "Niri gertatu zaizkidanak jaso ditut, baina, gero, idazterakoan, gauza batzuk aldatu egin ditut". Tonu triste batean idatzita dagoela ere  gaineratu du idazleak. "Txikitatik asko kostatu izan zait emozioak azaleratzea. Barnerakoia naiz, eta barrenean sentitutako min edo sufrimendu horiek idatzien bitartez kanporatzen saiatu naiz. Hasieran ezkutuan mantendu nituen, baina gero, pixkanaka, lagunei erakusten joan nintzen".

Txikia zenetik irakurtzea maitatu izan duela adierazi digu. Gero, urteak aurrera joan ahala, testuak idazten hasi zen. "Hortik hasi nintzen ska talde bateko letrak idazten. Bat eskatu zidaten, gustatu zitzaien, eta gero gehiago idatzi nituen". Ondoren rock talde batentzako letra batzuk ere idatzi zituen, eta, lagunek bultzatuta, ‘beretzako’ gauzak idazten hasi zela du gogoan. "Hor hasi nintzen Youtuberako kanta batzuk egiten, baina ikusi nuen testu asko ari zela pilatzen eta liburuaren abentura honetan sartu nintzen", dio irribarretsu.

Euskalduna eta euskalzalea da Zubia, baina liburua gazteleraz atera du. "Youtubera kantak igotzen nituenean hasi nintzen gaztelera erabiltzen. Euskaraz eta gazteleraz egiten nituen, baina ikusi nuen gaztelerazkoek oihartzun handiagoa zutela, bereziki, Latinoamerikan". Liburua idazterako orduan, testu poetikoak gaztelaniaz musikalagoak ateratzen zaizkiola azaldu digu. Etorkizunean, atsedenaldiaren ondoren, euskara erabiltzea ez du baztertu, "baina, agian, nobela moduan".