Keixetaren pagadian

Baleike 2018ko aza. 14a, 16:42
Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Sormenaren Kabia bekarekin hasitako proiektua ontzen ari da Txiki Agirre 'Keixeta'. Zeramikazko pago motzak ari da sortzen, eta lanotako zenbait Eibarko Portalean jarriko ditu ikusgai otsailean.

Herriko plazan dago eskola zaharra. Haize fina dabil, eta leiho itxiaren bestaldetik azaldu da Antonio Maria Agirre Garate Keixeta (Arroa, Gipuzkoa, 1963) artista. Sormenaren Kabia beka jasotzeak ekarri du hona. "Itziarko Auzo Udalak gonbidatuta, Endoian ikastaro bat ari nintzen ematen umeei zein gurasoei, eta Alkizako beka honen berri izan nuen. Han besterekin hain gustura lantzen ari nintzena neure obra aldarazteko zergatik ez erabili galdetu nion neure buruari, eta halaxe aurkeztu nintzen. Zumaian bizi naiz, han daukat estudioa, eta itsasotik basora etortzeko modu ederra iruditu zitzaidan". Aukera errealitate bihurtu zitzaion, irailean. Hasieran, hamabost egunekoa behar zuen egonaldia urte bukaerara arteko bilakatu zaio; hasieran hiru pago izan behar zutenak pagaditxo bihurtzen ari zaizkio. "Hiru pieza tubular egin nahi nituen, eta egin ere bai, bekaren bi asteko epean. Baina, gero, eskola hau bota egin behar dutela-eta, urte bukaerara arte lanean segitzeko aukera eman didate". Eta berak onartu. Bi asteko egonaldirako aukerak erakarri zuen Alkizara (Gipuzkoa), hain zuzen ere. "Donostiako Artelekun zein Baigorrin egona nintzen lehen egonaldi artistikoak egiten, eta halakoek nire obra guztiz aldarazi dute. Horregatik aurkeztu nintzen beka honetara. Eta orain, egonaldia luzatzearekin, beste dimentsio bat hartu du proiektu honek". Gela betetzen duten piezak dira dioenaren lekuko. Guztiak hasi ditu buztingile tornua erabiliz; guztiak sartuko ditu labe berezi batera, 1.000 graduko berotan egosi arte; guztiak pasatuko ditu labetik paperez betetako ontzi batera, eta ontzia itxiko, buztinaren beroarekin sortutako sutik piezaren kolorea aldatzeko.

Berrian irakurri dezakezue erreportajea.