‘Artantxuriketan’ kantu ikuskizuna izango da ostiral honetan Lasturren

Itziarko Auzo Udala 2018ko aza. 14a, 15:12

Aurrera doa “Barruan giro” izenpean Itziarko Auzo Udalak sustatutako udazken – neguko kultur egitaraua. Honela, Artantxuriketan kantu ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da ostiral honetan, Lasturko Tabernan, iluntzeko 21.30ean.

Ansa Ahizpak abeslari ezagunak eta beraien ama dira ekitaldiaren protagonista. Arantxa, Ainhoa eta Maiderrek, eta Maixux Zugarramurdik urte asko daramate musika munduan, ofizio eta batez ere afizio bilakaturik. Eta hori ez da kasualitatea, noski. Etxean eta inguruan ezagututako musika zaletasunak ekarri ditu gaur direnera.

Goizuetan sortua da Maixux, bere aiton-amonak eta ama leitzarrak ziren eta aita, oiartzuarra. Hiru herri euskaldunetako eragina jaso zuen txikitatik. Familiako leitzarrak oso kontalari onak ziren eta aitona oiartzuarra, berriz, bertso eta kantu artxibo ikaragarria. Amona Joakinak, primerako trasmisio lana egin zuen, bere gurasoen eta senarraren altxorrak beraienganaino hel zitezen. Familia kontu-kantalaria, nonbait.

Ahozko-trasmisioa, mendeetan zehar, baserri giroan, sukalde txokoan eta baita lan giroan ere emana izan da. Ikuskizun honetan, hori irudikatu nahi izan dute. Sukalde edo ganbara batean, artoa zuritzeko zereginean, familia elkartu eta hizketa goxoan igarotako arratsaldea.

Ikuskizunaren izenari dagokionez, “Artatxuriketan” izan behar zuena, “Artantxuriketan” bihurtu zen hitz-joko bat medio. Izan ere, Ansa Ahizpen amaren txikitako bizilekua Goizuetako “Artantxu” baserria da. Bertan ikasiak dira, ikuskizunean agertuko diren kontu eta kantu guztiak.

Ordubete inguruko iraupena du ikuskizunak, eta edozein publikori zuzendua dago. Girotzeko, 20.30etatik aurrera taloa jateko aukera izango da Lasturko tabernan. Izarraitz Bizirik ekimenak babesten du saioa.