Emakumeen Etxea sortzeko bidean

Baleike 2018ko aza. 14a, 08:37

Zumaiako Berdintasun Foroa eta Udala, herritarren ekarpenekin batera, Emakumearen Etxea definitzeko lanean egon dira orain arte. Dokumentua prestatua, hurrengo pausoetan murgilduta daude.

Zumaiako Berdintasunerako II. Planak eta Plan Estrategikoak jasotakoari jarraiki, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean dihardute Zumaiako lehen Emakumeen Etxea eraikitzeko. Hala, irailean eta urrian, herritarrekin batera proiektua definitzeko bi saio ireki egin zituzten. “Zein motatako etxea eta nolako ezaugarriak eta baliabideak izan behar dituen definitu genuen. Hau da: fisikoak, materialak, pertsonalak…”, kontatu du Vanessa Arbelaitz, Foroko kideak.

Emakumeen Etxearen eskaera aspalditik datorren zerbait da, eta momentu honetan, sortzeko konpromisoa lortu nahi dute. “Ez da Foroko lau pertsonei bururatu zaigun zerbait. Plan estrategikoaren barnean zegoen, eta aurten, Martxoaren 8aren harira sortu den dinamikak beharra dagoela erakutsi du. Herriak eskatu duen gauza bat da”, jarraitu du Arbelaitzek.

Saio irekietan adin ezberdineko emakume taldea bildu da, eta Maria Alberdiren hitzetan, “horrek aberastuna ekarri du. Hondoan, behar eta zalantza berdinak agertzen ziren baina emakume bakoitzak espresatzeko modu ezberdin bat erakusten zuen”, esan du.

Elkarbizitza hobetu

“Emakume Etxeak izan behar du toki libre eta dinamiko bat. Emakumea ahalduntzeko espazioa izango da, saretzekoa, eta nola ez, ongietorriak izango dira emakumeen elkarte ezberdinak eta baita zerbitzuak behar dituzten emakumeak ere”, adierazi du Alberdik. Azken hori eskaintzea beharrezkotzat jotzen dute Foroko bi partaideek. “Zerbitzu juridikoa, laguntza psikologikoa eta abar eskaini behar ditu. Nahiz eta zerbitzu horiek Zumaian bertan izan, pertsonalizazio handiago eman nahi da. Hau da, pertsonatik pertsonarako zerbitzu bat”, jarraitu du Alberdik.

Etxeak ongi funtzionatzeko barne arautegi bat izango du eta guztia kudeatzeko dinamizatzailea egongo da. Feminismoa bultzatzea izango du helburu. “Emakumea datorren egoeran etorrita ere, erantzun feminista, berritzaile, ireki eta sortzaile batekin erantzungo zaio”, azaldu du Arbelaitzek. Bide beretik, bizitza eta mugimendua izan nahi duen etxe bat eraiki nahi dute. “Garbi dugu erantzuna eman behar dugula mugitu direnei, baina baita mugitu ez direnei ere. Horretarako beharrezkoa da etxea bistan egotea. Ezin da izan herritik, erabaki lekuetatik eta bizilekuetatik aparte egon. Hala ere bere ezaugarri bereziengatik ere espazio intimoak izango ditu, jakina”, jarraitu du.

Erakundeen aldetik konpromisoa eta hitzarmena lortzea garrantzitsua dela iruditzen zaie. “Garbi dago Udalaren baliabide ekonomikoak behar ditugula, eta Emakume Etxeak hitzarmen bat izan behar duela. Azkenean Udalak ere erantzun egin behar du herriak dituen beharrei, eta urte honetan ikusi da emakumeen zer eskatzen duten”, nabarmendu du Arbelaitzek. “Aldundiak ere, Emakumeen Txokoak sortzeko diru-laguntzak ematen ditu”, esan du Alberdik.

Pauso hau emateko momentu egokia dela iruditzen zaie biei. “Feminismoak indarra hartu du herrian. Martxoak 8an kalera irten ziren herritar asko, eta mugimendu horrek jarraitu egin du beste hainbat ekintzatan. Proiektu hau definitzeko ere, jende dezentek hartu du parte. Eztabaidatu egin dugu, hausnartu, forma eman… Eta nola ez, elkar ezagutu gara, esperientziak partekatu ditugu…”, nabarmendu dute. “Mugimendu feminista ez da herriko talde txiki bati eragiten dion gauza erradikal bat. Guztioi eragiten digu eta denok izan beharko ginateke kontziente eta partehartzaile. Horregatik herritar guztiak daude gonbidatuta gurera, ez da zerbait baztertzailea. Zumaiako elkarbizitza hobetu nahi dugu”, amaitu dute.