Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Zumaiak

Baleike 2018ko aza. 13a, 16:31

Azaroaren 25a da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta beste urtebetez, Udalak eta Berdintasun Foroak egitaraua osatu dute. Horrela, ikastetxeetan lanketa berezia egiteaz gain, hilaren 25ean, elkarretaratzea egingo da Saregileen plazan, 13:00etan.

Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean egitaraua osatu dute. Gainera, eskualdeko Hezkidetza Foroa osatzen duten ikastetxeek ere bat egin dute ekimenarekin. Horrela, gaur goizean Udaleko pleno aretoan egin den prentsaurrekoan izan dira Kristina Vicente berdintasun zinegotzia, Karmele Gomez berdintasun teknikaria, Zumaiako eskoletako ordezkariak, Berdintasun Foroko partaideak eta Zarautzko Berritzeguneko ordezkariak.

‘Tratu ona guztiona’ izango da aurtengo azaroaren 25aren bueltan egingo diren ekintzen leloa. “Tratu onen aldeko zenbait hezkuntza proiektu garatuko ditugu, hala ere, esan behar da dagoeneko gure plangintzetan barneratuta dugula gaia eta hausnarketak, eztabaidak… egiten ditugu. Gainera ikasle guztiek hartzen dute parte, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte”, kontatu du Oikiako eskolako zuzendariak.

Zumaiena ikastetxeak, esaterako, bi tutoretza saiotan landuko du emakumeenganako indarkeriaren gaia. Sentsibilizazioa dute helburu, eta ikasleen mailari egokitutako baliabideak eta materialak erabiliko dituzte. Tutoretza ordu horiek gainera, ikasle talde batek gidatuko ditu. “Txoko morea dugu ikastetxean eta Beldur barik programan ere parte hartu dugu. Tutoretzatan muralak egin, eta informazioa emango dugu, besteak beste”, kontatu du ikasle batek.

Herri eskolaren kasuan, aurrera eramaten duen hezkidetza programaren baitan landuko dute gaia. Hilaren 23an dantzak egingo dituzte patioan, eta lehen aldiz, batxilergo eta goi mailako zikloetako ikasleak izango dira. Gainera, hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzea bultzatzeko eta gurasoak ere etortzeko aukera izan daitezen, ekintza eguerdian egingo dute. Aipatu, eskolan bertan talde feminista sortu dute. Iaz jaio bazen ere, aurten dabiltza proiektua aurrera ateratzen. “Eskolan pilotarien argazkiak ditugu, baina soilik gizonezkoenak dira. Orain, emakumeenak jartzeko asmoa dugu. Horretaz gain, egunero entzuten ditugun esaldi matxistak bildu eta liburu bat atera nahi dugu”, esan du ikasle batek.

Soldadura eskolakoak, berriz, hilaren 23an, Emakunderen autobusean tailerra egingo dute. Maskulinitate eredu ezberdinen inguruan hausnarketak egingo dituzte.

Berritzegunearen iritziz, berdintasuna eta hezkidetza lortzeko, hezkuntza arloan lana egin behar da, baina gizartean bertan aldaketarako pausoa eman behar da. “Horretarako, besteak beste, tratu txarrei ahotsa eman eta emakume horiei babestu egin behar zaie. Azaroaren 25ean, eskualdeko ikastetxe eta udalerri guztiek bat egingo dugu bide horretan”, esan du Berritzeguneko ordezkariak.

Indarkeria datuak Zumaian

Emakumeenganako indarkeria kasuen berri eman du Kristina Vicente zinegotziak. Hala, 2018ko datuei erreparatuz, aurten bost kasu artatu dira Udal Gizarte Zerbitzuetan. Horietan, biktimaren eta tratu txarrak eman dizkion pertsonaren arteko harremana bikote harremana da lau kasutan. Bestea, berriz, zainketarekin lotutako kasua da.

“Biktimaren adinari dagokionez, 25 urtetik 50 urtera dute, beraz biktima nahiko gazteak dira. Bestetik ere, erasotzaileak 33tik 78 urte bitarteko adina badute ere, %80 33tik 50 urte bitartera dituzte”, esan du.

Emakumeak jasan duten indarkeria motari erreparatuz, batek indarkeria fisikoa jasan du, beste batek indarkeria fisiko eta psikologikoa, bi emakumek indarkeria psikologikoa eta azkenak hiru motatako indarkeria: fisikoa, psikologikoa eta sexuala.

“Bost emakumetik bik bakarrik jarri dute salaketa, hau da, %40ak eta beste %60 ez du nahi izan bikotea salatu. Gizarte Zerbitzuetatik kasu guztietan harrera, informazioa eta orientazioa eskaini zaie, baita ditugun zerbitzuen berri eman ere. Horrela, bi emakumek laguntza psikologikoa onartu dute, eta besteek pentsatuko dutela esan dute”, gaineratu du.

Datu horiez gain, Ertzaintzak beste batzuk helarazi ditu. Horrela, Zumaian, guztira 20 kasu egon dira: 12 genero indarkeria kasuak dira, eta zortzi, berriz, indarkeria domestiko kasuak. 2018an, bederatzi kasu itxi dira eta egun 11 daude exekuzioan, horietatik zazpi genero indarkeria kasuak eta lau indarkeria domestiko kasuak. “Deigarria da, egun, 10 pertsonak dutela babes agindua Zumaian”, esan du Karmele Gomezek.

Amaitzeko, Zumaiako Udalak, indarkeria jasaten duten emakumeak bakarrik ez daudela gogoratu nahi izan du eta animatu nahi izan ditu modu batera edo bestera laguntza eskatzera eta Udal Gizarte Zerbitzuetara zuzentzera.

Egitaraua

Azaroak 14: Gorroto delituak: orientazio sexuala eta genero identitateak erakusketaren aurkezpena 18:00etan. Erakusketa Aldartek antolatu du eta ikusgai egongo da azaroaren 14tik 27ra.

Azaroak 15: Bisita gidatua Oxford aretoko erakusketan, gaztelaniaz. Emma Doris Lopez Rodriguez Kolonbiako giza eskubideen defentsarako aktibistak egingo du. Ondoren, 18:30ean, Hogarrean, Impacto de los feminicidios en América latina hitzaldia eskainiko du.

Azaroak 23: Berdintasun gunea, Emakunderen autobusa, Eusebio Gurrutxaga plazan 10:00tik 12:00ra eta 17:00tik 18:00ra. Herritarrei informazioa emateko irekita egongo da eta nahi duenak bertan sartzeko aukera izango du informazioa jasotzera. Autobusean bertan, 12:00etan, soldadura eskolako ikasleekin tailerra egingo da eta 18:00etan, berriz, haur eta familiei zuzendutako tailerra.

Azaroak 24: Autodefentsa feminista ikastaroa, euskaraz, goiz eta arratsaldez. Tailerra Emagin Elkarteak bideratuko du eta doakoa izango da.

Azaroak 25: Elkarretaratzea, 13:00etan, Saregileen plazan.