Mintzalaguneko lau talde osatu dira Zumaian

Baleike 2018ko aza. 13a, 16:07

Ekin diogu ikasturte berriari eta abian da 2018-19 ikasturteko Mintzalagun Programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko. Ikasturte honetako leloa da “Praktikatu eta bizi”, euskaraz egin eta euskaraz bizi.

Urrian zehar izena eman eta taldeak osatuta, martxan dira asteroko hitzorduak. 22 talde osatu dira (Zumaian 4, Orion 3 eta Zarautzen 15) eta, guztira, 82 pertsona ari dira euskara praktikatzen.

Ohi bezala, taldeak osatu ondoren, hasierako ekitaldia egingo dute. Oraingoan Zumaian egingo da, Alondegian, azaroaren 15ean, 18:30ean.

Hasierako ekitaldi horretan Bakean dagoenari bakean utzi antzerkia ikusiko dugu, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen antzerkia.

Sinopsia

Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. “Euskalduntze” kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea. “Bakean dagoenari bakean utzi” ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketek osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko umoreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak... Bakean dagoena bakean uzteko ez daude prest!