BIDEOA: Labarren bila zebilen auto bat erreskatatu behar izan dute baserritarrek

Baleike 2018ko aza. 13a, 10:37

Atzo eguerdian auto bat okerreko bidetik sartu eta maldan behera joan zen Andikaraerreka aldera. Baserritarrek atera behar izan zuten, traktorearekin. "Ez da bide honetan sartzen diren lehen aldia eta inork ez du erremedorik jartzen", kexatu dira baserritarrak.

Arritokietatik gora joanda, Santa Klarako bidegurutzea eta Agerre baserriak atzean utzita, Andikarako zabalera iritsi baino lehen bidegurutzea dago eskuinaldera, Iturtxo aldera. Gurdibidea da hasieran eta estutu egiten da aurrerago. Baserritarrez gain, ibiltariek asko erabiltzen duten bidea da, Algorri eta Elorriaga lotzen ditu eta. Ez da, inolaz ere kotxez ibiltzeko moduko bidea.

Azkenaldian, baina, gero eta kotxe gehiago sartzen dira bide horretan, labarren bila. "Acantilados flysch" bilatzen dute Interneten eta GPSak handik bideratzen ditu maiz. Gehienetan garaiz ohartzen dira hura ez dela bide egokia eta atzera egiten dute, baina tarteka izaten da ezusteren bat. Atzoko eguerdikoa azkena: murgildu zen kotxe bat aipatutako bidean, atera zen bidetik eta han joan zen, zelaian behera, kotxea ezin gelditu. Baserritarrak ohartu eta traktorearekin joan ziren, kotxea ateratzera.

"Gero eta kotxe gehiago dabiltza hemen eta inork ez du ezer egiten. Ez da ateratzen dugun lehen kotxea. Bati baino gehiagori lagundu behar izan zaio. Udan, lotara ere etortzen dira, kanpina jartzen duten gure zelaietan, eta inork ez du kontrolatzen", kexatu da Santa Klarako Maite Manzisidor. Inguruko baserritarrek neurriak hartzeko eskatu diote Udalari, gertatzen ari diren arazoei konponbidea jartzeko.