"Dantza eta jolas egitea da asmoa, barruan dugun haur hori ez ahazteko"

Baleike 2018ko aza. 13a, 07:00

Dantza oinarria duen ekintza batean ari dira parte herriko nagusien talde bat. Emakumeak dira gehiengoa, baina badira gizonezko batzuk ere tartean. Dantza egiteko elkartzen dira, baina baita jolas edo barre egiteko ere. 

Asteazken goiza. Kiroletako arropa koloretsuz jantzitako emakume taldea Torreberri eraikinaren kanpoaldean dago. Irribarretsu daude, pozik, eraikineko goiko solairuan egingo duten saioan parte hartzeko gogotsu. Ordu eta laurden iraungo duen ekintzan dantza eta barre egingo dituzte.

Alazne Martinezek gidatzen ditu adinekoentzako saioak. Oraingoz, hilean bitan biltzen dira Torreberrin. Martinez Team Wale dantza urbano eta hip hop taldeko arduraduna da. Berak adinekoekin egiten dituen saioetan, baina beste era bateko jarduerak gauzatzen ditu. “Helburua ez da dantza egitea bakarrik, edo dantza estilo bat ikastea. Talde espiritua suspertu nahi dugu dantzaren bitartez”, azaldu du Martinezek. 

Saioak aurten aurreneko aldiz antolatu dituzte Zumaian, eta Martinezek gogoratu duenez, ezustean sortu ziren. “Parke batean geunden behin, lagun batzuk, gure haurrekin. Dantzako jolas bat egin ari ginen, eta parkean zeuden beste neska batzuk inguratu zitzaizkigun. Aita-amaginarreben lagun batzuk zeuden begira, eta, brometan, galdetu nien ea gustatu zitzaien. Baietz esan zidaten. Ez hori bakarrik: beraientzako antzerako zerbait antolatzera animatu ninduten”. 

Esan eta egin. “Familiako kontu batzuk nituelako, urtebetez atzeratu zen kontua. Uda aurretik, gauzak konpondu zirenean, Beheko Plaza elkartearekin eta Udal Kultura eta Gizarte Zerbitzuen sailekin hitz egin nuen egitasmoa abian jartzeko”. 

“Zerbait atsegina” egiteko helburua zuela dio Martinezek. “Badirudi dantzaren eta musikalitatearen gaia umeekin lotzen dugula, baina helduez ahaztu egiten gara. Nagusi guztiei gustatzen zaie dantza egitea! Asmoa dantza egitea da, baina baita jolas egitea ere, barrenean daramagun haur hori ez ahazteko”. 

Egitasmoak  izandako harrerarekin harrituta geratu zela dio saioen irakasleak. “Lehen saio ireki bat egin genuen, eta aretoa bete egin zen. Oso ondo pasatu zuten, jolasean aritu ziren eta parte hartzera animatu ziren”. 

Etxetik irteteko arrazoia

Saioak hilabetean behin egiten dituzte, bi taldetan banatuta. Nagusientzako ekintza onuragarriak direla uste du Martinezek. “Etxetik ateratzeko arrazoi bat dute hala. Badira familiarik ez duten alargunak, eta honek etxetik irteteko eta ekintzetan parte hartzeko aukera ematen die.  Desinhibitzeko eta errealitatea une batez bada ere ahazteko balio die”, gaineratu du saioen gidariak. 

Saioen helburu nagusia ondo pasatzea da.”Dantza eginez oso ondo pasatzen dugu. Baina jolas asko egiten ditugu, enpatia eta masajeak landuz. Nagusiak bihurtzean, edo, hobe esanda, helduak egiten garenean, jolas egitea ahaztu egiten zaigu. Beti esaten diet barre egitera eta ondo pasatzera etortzen garela. Gero, dantza egiten badute, izerdia botatzen badute eta ariketa fisikoak egin badituzte, hobe. Niretzako oso garrantzitsua da beraiek libre sentitzea barre egiteko, bereziki, barre egiteko. Egun horretan jolasten badute, barre egiten badute eta, gainera, saioetara berriro itzultzeko gogoa badute, egun ederra bihurtzen du”.