Hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko kanpaina hasi da Zumaian

Baleike 2018ko aza. 12a, 16:27
Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea.

Gaurtik ostirala bitartean, Zumaiako hainbat edukiontzi gune aztertuko dituzte kale hezitzaileek. 

Urola Kostako Udal Elkarteak pasa den astean egin zuen edukiontzien uda osteko balorazioa, eta horrekin batera, hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko kanpaina abiatu zuen. Horrela, udan jasotako hondakin kopurua %20 hazi arren, hondakin organikoen edukiontzietan organikoak ez diren material ugari agertzen da. Gainera, hondakin poltsa ugari agertzen da lurrean, edukiontzien ondoan. Hori dela eta, kale hezitzaileek Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hondakin organikoen edukiontziak ikuskatuko dituzte azaroaren 5etik aurrera.

Zumaiaren kasuan, aste honetan zehar burutuko dira ikuskapenak. Ondoren, Aian, Getarian eta Orion egingo dira. Zarautzen, berriz, pasa den astean egin ziren.

Lehen bueltan ikusitakoarekin balorazio bat egin eta abenduan ere ikuskapenei helduko zaie. Asmoa da herriz-herri bigarren buelta bat egitea.