Janire Gonzalez-Etxabarri txapeldun eta Imanol Yeregi bigarren Orroagan, Euskalsurf Zirkuituko proban

Baleike 2018ko aza. 11a, 15:03

Asteburuan zehar jokatu da Euskalsurf Zirkuituko hirugarren proba, Orroagan. Emakumezkoen open mailan Janire Gonzalez-Etxabarri izan da nagusi, finalean bigarrenari bost puntutik gora aterata. Imanol Yeregik ere txapelketa bikaina egin du, eta lehen postua lortzeko zorian egon arren, bigarren sailkatu da.

Euskalsurf Zirkuituko hirugarren proba jokatu da asteburuan zehar, Orroagan. Herriko hainbat surflari izan dira lehian, eta maila ona erakutsi dute guztiek ere.

Emakumezkoen open mailan, Janire Gonzalez-Etxebarri izan da nagusi, bigarren sailkatu den Sarai Urrestiri finalean bost puntutik gora aterata. Bikain aritu da probako txanda guztietan, eta 9,17 puntuko olatuarekin lortu du garaipena zumaiarrak.

Imanol Yeregi ere bikain aritu da, eta proba irabazteko zorian egon bada ere, bigarren postuan sailkatu da. Norman Landa donostiarraren aurka jokatu du finala, eta ikuskizun ederra eskaini dute biek.