Bosgarren ikasturtez jarraian, abian da ZiSare proiektua Urola Kostako ikastetxe guztietan

Urola Kostako Udal Elkartea 2018ko aza. 9a, 18:30
ZiSare UKUE konpostajea sustatzea helburu duen ingurumen hezkuntza programa da. 2014-2015 ikasturtean martxan jarriz geroztik, urtez- urte egonkortzen joan den ekimena da.

Bosgarren ikasturtez jarraian, abian da Urola Kostako ikastetxeetan azken 4 ikasturteetan sustraituz doan ZiSare  proiektua. Programaren baitan, ikasleek ikastetxean sortzen diren bihondakinak aprobetxatuz konposta egiten dute. Hau da, hamaiketako garaian edota jangelatan soberan geratutako hondakin organikoak konpostagailura isurtzen dira; gerora, ikastetxeko baratzean edota lorontzietan erabilgarri izan daitekeen ongarria lortzeko. 

Aldi berean, ikasleek aukera izan ohi dute, ariketa praktiko bidez, konpostaje- prozesuaren nondik norakoak ikasteko. Hala, konpostagailu barruan gertatzen den prozesu osoa ikuskatzeaz gain, prozesuan parte hartzen duten deksonposatzaileak ere aztertzen dituzte.  Taldeetan, behin prozesuaren jarraipena eginda, datu zientifikoak (tenperatura, pH, hezetasun maila…) erregistratzen dituzte eta konpost egoki bat lortutakoan, esperimentuak egiteko aukera zabaltzen zaie ikasleei.

2017-2018 ikasturtean, Urola Kostako 13 ikastetxek parte hartu zuten ZiSare programan; hain zuzen ere, bost herrietako eskualdeko 1075 ikaslek. Orotara, programaren baitako ekimenaren bitartez, ikasturte guztian zehar, 2.712 kg hondakin organiko konpost bihurtzea lortu zen. Edozein kasutan, tratatutako hondakin kopuruari garrantzirik kendu gabe, Zisare programak helburu pedagogikoak ditu ipar.

2018-2019. ikasturtean ere, eskualdeko 13 ikastetxek hartuko dute parte Urola Kostako Udal Elkartetik sustatutako Zisare proiektuan.  Beste urte betez jarraian, beraz, eskualdeko 1000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute, zuzen- zuzenean,  konposta egitea bultzatzen duen Zisare proiektuan. Hondakinen arazoa gure gizarteko erronka nagusienetako bat izaki, gazte gaztetatik ikastetxeetan kontzientziazio lana eginez, hurrengo belaunaldiek hondakin organikoen trataera lan gehigarri gisara ikusi ez dezaten lortu nahi da. Ekinez, lortzen dira emaitzak!