Gabon Koruaren entseguak asteazkenean hasiko dira

Baleike 2018ko aza. 10a, 07:00

Urteroko legez, Gabon Korua kalez kale arituko da abenduaren 24an, Gabon Gau bezperako arratsaldean, garai honekin lotutako abestiak kantatzen. Agustin Zubimendi izango da aurten ere abesbatza honen zuzendaria, eta entseguak asteazken honetan hasiko ditu.

Aurtengoa Gabon Koruak egiten duen 74. kantu kalejira izango da. 1943an sortu zen abesbatza hau eta ordutik urtero atera da Zumaiako kaleetara. “Urte batean ez zen atera, Burgoseko gerra-kontseilua dela-eta”, du gogoan Zubimendik.

Gazteen lagundia eta Andazarrateko Eritetxea daude abesbatza honen sorreran. “Andazarrateko Eritetxean zegoen biriketako gaitzeen ospitalea, eta Gabonak hurreratzen ari zirenean korua sortu zuten eritetxe honetan zeuden zumaiarrak bisitatzeko asmoarekin”.

Hasiera batean luistarrekin eta Mariaren alabekin zuen harremana, eta kantu eskean lortutako dirua haien beharrak asetzera bideratzen zituen. Baina, 1970eko hamarkada amaieran elkarte hauek desagertu egin ziren, eta ordutik eskean lortutako dirua Caritasentzat izan da.

Entseguen hasiera

Hilabete eta erdi falta da kantu kalejira ateratzeko, eta eztarriak berotzeko unea heldu da. Entseguak asteazken honetan, hilaren 14ean hasiko dira Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroko bigarren solairuan. Saioak gaueko 9etan hasiko dira.

Hasteko, emakumezkoak eta gizonezkoak bakoitza bere aldetik arituko dira. Emakumezkoen entseguak azaroaren 14ean, 21ean eta 28an egingo dira; gizonezkoenak azaroaren 15ean, 22an eta 29an. Entsegu orokorrak abenduaren 10ean, 12an, 13an, 17an eta 19an egingo dira.

Ohikoa duen bezala, Gabon Koruak errepertorioan ez duen kantu berri bat, edo aspaldi abestu ez duena kantatuko du aurten ere. Jose Luis Blascoren Gora ta gora hotsegin da aurtengo kantu kalejirarako hautatutako doinua.