XVII. Klarinete Maratoia egingo da abendua erdialdean

XVII. Klarinete Maratoia egingo da abendua erdialdean
Iaz irakasleek eman zuten emanaldiko une bat.

Sapere Aude Sinfoniettak antolatuta, abenduaren 12tik 16ra, Klarinete Maratoia izango da Zumaian. XVII. edizio honek berrikuntza nagusi bat izango du. Izen-ematea azaroaren 22an bukatuko da.

Klarinete Maratoiaren XVII. edizioa izango da aurtengoa, eta hasieratik bezalaxe, instrumentu hori aitzakia hartuta, horren bueltan ekintzak antolatzea da helburua. “Bere garaian Zumaiako Musika Bandan klarineterik ez zegoelako bururatu zitzaidan maratoia antolatzea, eta pixkanaka pixkanaka XVII. edizio honetara iritsi gara”, kontatu du Marixi Sesma antolatzaileak.

Maratoiak kalitatezko irakaskuntza eta maila handiko musikari eta irakasleen konpromisoa dauka. “Gure helburu orokorra kultura sustatzea da, baina era berean, musikarien artean sarea sortu eta handitzea. Jatorri eta maila ezberdineko jendea etortzen da eta horien harremana bultzatzea gure nahia da”, adierazi du. “Bide beretik, jendaurrean klarinetea jotzeko plaza bat izan nahi dugu. Hau da, musikariak jendaurrean musika egiten trebatzea, parte hartzea bultzatzea eta batez ere, ongi pasatzea”, jarraitu du.

Abenduaren 12tik 16ra egingo da Klarinete Maratoia, eta aurrez egindako edizioetan bezala, aurten ere, bakarkako eta taldekako eskolak izango dira. Ondoren, azken egunean, igandean, ikasleen amaiera kontzertua egingo da Zumaiena ikastetxean, 13:00etan. “Egun horietan ikasleek ikasitakoa erakusten da kontzertu horretan, eta aurten, irakasleen ensemble (talde) batek ere hartuko du parte”, esan du.

Alexander teknika

Edizio honetako beste ekintza garrantzitsua klarinete laukoteen lehiaketa kontzertua da. Abenduaren 15ean izango da, larunbat arratsaldean, Komentuan. “Lehiaketa honek hiru maila ditu. Lehen mailan 9-12 urte bitartekoak jotzen dute, bigarren mailan 13-16 urte bitartekoak, eta azkeneko mailan, 17-20 urte bitartekoak. Maila guztiek dute sari ekonomikoa, baina horrez gain, eta hurrenez hurren, Ludotekan, Gaztetxolan eta hurrengo urteko musika jaialdian jotzeko aukera dute”.

Bestalde, aurtengo berrikuntza, Alexander Teknika izeneko klaseak dira. Tentsioei eta jarrera txarrei aurrea hartzeko teknika da, eta horri esker ondorio txarrak ekidin daitezke. “Gorputza eta ongizateari erreparatu nahi genion, eta teknika hori azaltzeko Ainhoa Miranda gasteiztarra dator. Ostiralean, abenduaren 14ean, kontzertu-performance bat emango du Komentuan, 19:00etan. Edozein herritarrentzat dago zabalduta ekintza hori”, azaldu du.

Balorazio positiboa

Maratoiaren sorreratik, Carlos Casado musikaria etortzen da ikasleei klaseak ematera. A Coruñako goi-maila musika kontserbatorioko klarinete katedraduna da, eta gaur egun Espainiako Orkestra Nazionalean jotzen du. “Luxua da horrelako musikari bat izatea gure artean. Apaltasun handia du eta edonori ematen dio klasea. Hasierako ediziotik etortzen da, beraz, seinale ona da”, esan du irribarretsu.

Urte hauetako guztietako balorazio positiboa egiten du Sesmak. “Ekimena bera joan da forma hartzen. Esperimentatzen joan gara, gauza berriak sartzen, eta azkenean horrek erakutsi digu bidea”, nabarmendu du.

Ikasle gazteenen parte hartzearekin ere pozik agertu da. “Urtetik urtera maila igotzen dute eta hori pozgarria da. Herrian bertan ere talde polita daukat. Gainera, maratoiari esker, Zumaia nazioartean jarri da. Jende askok ezagutzen du. Pentsa, Estatu Batuetan publikatu da guri buruzko erreportaje bat, eta orain gutxi, Madrilen ere, antzeko ekimen bat eman dute aurrera, eta gu oso pozik”, amaitu du.

Erlazionatuak

Klarinete maratoian izena eman daiteke dagoeneko

Abenduaren 12tik 16ra bitartean ospatuko da Klarinete Maratoiaren hamazazpigarren edizioa. Zumaiako zein inguruko herrietako musikariak izango dira...