Aspanogiko haurrak bisitatu zituzten atzo Flysch Traileko kideek

Baleike 2018ko aza. 7a, 14:30
Argazkian Traileko Bosco Garitano eta Victor Zubizarreta haur hauetako baten amarekin ageri dira.

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren antolakuntzako kideak Donostiako Ospitalean izan ziren atzo Aspanogiko (Minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartea) lau haur bisitatzen. 

3 urteko bi haurrekin, 12 urteko mutil batekin eta 16 urteko neska batekin egon ziren. "Jolasean aritu ginen, hizketan, barre egiten. Beraien zaletasunei buruz hitz egin ziguten, beraien idoloak zein diren esan ziguten, zer egin duten eta zer egingo duten, etab. Atsegina eta aldi berean hunkigarria izan zen", adierazi dute Traileko kideek.

Salomon etxeko talde komertzialeko Iker Oliverik emandako kamisetak eta txapelak eraman zituzten. "Asko gustatu zitzaizkien".