Harraldea auzolanean garbitzeko deia egin du Eguzkik

Baleike 2018ko aza. 5a, 17:50

Zumaia eta Deba arteko harraldean pilatutako plastikoak hizpide izaten jarraitzen du. Pasa den astean Arartekoak ofiziozko espedientia abiatzeko erabakia hartu zuen. Eguzki talde ekologistak, berriz, ingurunea garbitzeko auzolana proposatu du larunbat honetarako.

Sareen bidez bolo-bolo izan zen bideo batek eman zuen harraldearen egoeraren berri. "Irudi tamalgarri hauen aurrean, pertsona askok 'zerbait' egiteko beharra adierazi dute. Eguzkin ere horrelako mezu bat baino gehiago jaso ditugu. Gauzak horrela, erabaki dugu flyschean garbiketa-egun bat antolatzea, auzolanean".

Garbiketa larunbat honetan, hilaren 10ean, egitea proposatzen du Eguzkik. Goizeko 10:00etan elkartuko dira Elorriaga auzoan, jolas eremuaren ondoan, eta handik harraldera jaitsiko dira bertan pilatutako plastikoak biltzera. Eskularruak eramatea aholkatzen dute. 

"Ekimen honen bitartez, aukera eman nahi diegu “zerbait” egiteko beharra sentitzen duten pertsonei, 'zerbait' hori xume-xumea bada ere. Izan ere, plastikoak sortzen ari diren arazoa izugarria da. Honako zenbaki hau oso adierazgarria da: urtero, 10 milioi tonelada plastiko iristen dira itsasora".