Janire Gonzalez-Etxabarri eta Andoni Izaga, Euskal Herriko txapeldun

Baleike 2018ko aza. 3a, 18:05

Euskal Herriko Surf eta Bodyboard txapelketa jokatu da gaur Itzurun hondartzan. Berez txapelketa hau pasa den asteburuan zen jokatzekoa, baina parte hartzaile gutxi zituelako bertan behera utzi zuten. Eguraldi politarekin jokatu da txapelketa, baina, tamalez, olatuak espero baino txikiagoak izan dira, metro eskasekoak.

Aurreikusitako lau mailetatik hirutan jokatu da txapelketa. Surfean, gizonezkoen open mailan 12 parte hartzaile izan dira eta emakumezkoetan sei. Bodyboardean, berriz, gizonezkoetan bakarrik jokatu da eta 13 parte hartzaile izan ditu. Goizean jokatu dira lehen txandak, final laurdenak eta finalerdiak. Bazkalondorako utzi dituzte finalak. 

Hala, surfeko emakumezkoen finala bi zumaiarrek, bi ahizpak jokatu dute: Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Anette Gonzalez-Etxabarrik. Janire nagusitu da finalean 12 punturekin; Anettek 8,67 puntu lortu ditu finalean. Hirugarren postuan sailkatu dira Maren del Campo eta Mikele Beato.

Surfean, gizonezkoetan, txapela Debara joan da. Bitor Garitaonandia, 11,5 punturekin, Julen Susperregi zarauztarrari nagusitu zaio. Honek 9,2 puntu lortu ditu finalean. Liber Gesalaga eta Roberto Letemendia izan dira hirugarren.

Bodyboardean, berriz, Andoni Izaga zumaiarra izan da garaile finalean Julen de Diegori irabazita. 12,3 puntu egin ditu Izagak, eta 8,33 de Diegok. Podiumeko hirugarren postura igo dira Beñat Yeregi eta Mikel Atxega. 

Hurrengo txapelketa Orruan

Surfeko txapelketekin jarraituta, azaroan Euskalsurf zirkuituko proba jokatuko da, printzipioz, Orruan. Azaroaren 10etik 25erako epea dago txapelketa hau jokatzeko. Izen ematea zabalik dago www.wavescores.net atarian.