3D inpresioa, laser grabatzailea eta scrath programazio-lengoaiari buruzko prestakuntza saioak, azaroan eta abenduan

Urola Kostako Udal Elkartea 2018ko aza. 2a, 17:09

Urola Kostako Udal Elkartearen baitako Open Lab gunetik hainbat prestakuntza saio antolatu dira azaroan eta abenduan zehar.  

Azaroan hasita, bost asteartez jarraian, hiru prestakuntza arlotan banatutako oinarrizko ezagutzak lantzeko bost ikastaro eskainiko dira. Lehendabiziko bi ikastaroen kasutan, tailer bakoitzaren bi deialdi zabalduko dira. Tailer-deialdi bakoitzak 2 ordu eta erdiko iraupena izango du.

Alde batetik, 3Dinprimagailuei buruzko prestakuntza eskainiko da.Parte hartzaileek 3D inprimagailu bat erabiltzen hasteko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte. Hasi 3 dimentsiotako fitxategi bat eskuratu, prestatu eta inprimagailua martxan jartzeko argibideak barneratzeraino. Cura programak eskaintzen dituen aukerak ere irakatsuko dira. Amaieran, ikasleek aukera izango dute 3D inprimagailuaren bitartez objektu propio bat egiteko.

Bestetik, laser grabatzaileekeskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko aukera ere zabaldu da. Inkscape programaren bitartez, laser makinarekin lanean hasi aurretik jakin beharrekoak landuko dira. Laser makinaren kudeaketaz hiruzpalau nozio jaso ondoren, makinak martxan jartzen ere ikasiko da. Ikasle bakoitzak bere opari/oraoigarri bat sortzeko aukera izango du.

Azkenik, Scrath aplikazioaren bitartez ordenagailuen programazioan lehen urratsak emango dira. Programazioaren inguruko aurre-ezagutzarik ez da behar ikastaroan parte hartu ahal izateko eta gomendatzen da, ahal den heinean, norberak bere ordenagailua ekarri dezan.

Lekua eta ordutegia: ikastaro guztiak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzako Open Lab gunean izango dira (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Arratsaldez, 17:30etatik 20:00etara.

Hizkuntza: Prestakuntza teorikoa euskaraz izango da.  

Ordutegi berria

Bestalde, egungo teknologia berritzaileenak herritar guztientzat eskuragarri jartzeko borondatearekin, Udal Elkartetik gogorarazi nahi da zabaldu egin dela Open Lab gunearen ordutegia. Astelehenetan itxita egongo bada ere, ordutegi zabala du guneak, ahalik eta herritar gehienek bertaratzeko aukera izan dezaten.

Asteartetik ostiralera: goizez 09:30etatik 13:00etara, eta arratsaldez 17:00etatik 20:30etara. 

Larunbatetan: goizez, 10:00etatik 13:00era

Bertako arduradunak laguntza eta aholkularitza eskainiko dio gerturatzen den orori.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea, Open Lab

Tel. 943 890 808

openlab@urolakosta.eus

http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/openlab