“Umeei gogoa sorrarazi behar zaie eskolara oinez joateko”

Baleike 2018ko urr. 30a, 08:13

Eskola Bideak programa indartu dute berriro ikasturte hasierarekin batera. Burdinezko plakak jarri ditu Udalak bideko bederatzi geltokietan, eta pasa den astean haurrek bide hauek margotu zituzten.

Orain hiruzpalau urte Eskola Bideen proiektua sortu zuen Udaleko Euskara Sailak, Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaiena (orduan Maria eta Jose) ikastetxeetako guraso elkarteekin batera. Haurrak eskoletara joaterako orduan ohiturak aldatzea zuen programa hark helburu: gurasoen laguntzarik gabe, lagun artean, haurrak bide seguruetatik ikastetxeetara oinez joan ahal izatea, alegia. Ikasturte hasierako egokitzapen epea amaituta, programa hau berriro indartu dute arduradunek.

“Lehen urteetan diagnostiko bat egin zen jakiteko haurrak nola joaten ziren eskoletara, oinez edo kotxez. Bideak ere zer egoeratan zeuden ere jakin nahi zen”, azaldu digu Ane Grijalbak, Zumaiako Herri Eskolako guraso elkarteko kideak. “Diagnostikotik  proiektua osatzen joan ziren eta eskola bideak eratzen hasi ziren. Bide seguruenak zein ziren erabaki zuten eta baita puntu beltzak detektatu ere. Azken hauek guztiak ez dira kendu, baina hobetu dira. Bide batzuk diseinatu dituzte umeak modurik seguruenean iristeko eskoletara. Gure lana da gurasoei esatea beraien umeak seguru heldu daitezkeela ikastetxeetara”.

Egindako lanak eragina izan duela uste du Grijalbak. “Orain ume gehiago joaten da eskolara oinez. Gero, bakarrik edo gurasoekin joaten diren, hori etxe bakoitzean erabakiko dute. Egia da oraindik ere kotxean joaten direla haur asko. Baina, arazoa ez da kotxean joaten den umearena; oinez doazen umeentzat dira arriskutsuak kotxe horiek, autoen artetik pasa behar izaten dute eta”. Eskoletako sarreretan hobekuntzak egiteko proposamena badagoela dio guraso elkarteko kideak. “Urrirako zerbait egingo zutela esan ziguten, baina uste dugu azaroan zerbait probisionala egingo dutela”.

Programa zabaldu

Aurtengo proiektu nagusia programa zabaltzea dela gaineratu du. Hasteko, eskola bideetako bederatzi geltokietan burdinezko plakak jarri ditu udalak. Plaka horietako baten bueltan bildu ditugu Josune Herrarte Udal Euskara Teknikaria, eta Zumaienako eta Herri Eskolako guraso elkarteetako kideak, Elene Lazkano eta Ane Grijalba. Gero, pasa den astean, ikastetxeetako haurrak kalera atera zituzten bide hauek ezagutzera emateko asmoarekin. “Hasteko, tailer txiki batzuk egin genituen geletan, eta gero kalera atera ginen bideak markatzera, umeek ikus dezaten zergatik margotzen diren eta eskola bide hauek nondik doazen”, azaldu du Grijalbak. “Ume hauei gogoa sorrarazi behar zaie, lagunekin edo familiartekoekin, eskolara oinez joateko”.