Ongi etorri gurera, Euskaraldia

Euskaraldiaren talde eragilea 2018ko urr. 30a, 07:00

Ate joka dugu Euskaraldia. Aurten azaroaren 23tik abenduaren 3ra  gertaera sozial ez-ohikoa biziko dugu gure herrian, gizarte ekintza erraldoia.

Aldian-aldian, euskararen historia sozialean, mugarri izan diren gertakizunak bizi izan ditugu. 60ko hamarkadan, ikastolen sorrerak abian jarri zuen gure hizkuntzaren biziberritze prozesua; 1978an, BAI EUSKARARI  kanpaina bultzatu zuen Euskaltzaindiak eta horrek arnasaldi sakona eman zion gure hizkuntzari; bi urtez behingo Korrikak euskararen aldeko sua pizturik mantentzen du… Hamaika ekitaldi eta ekimen euskara hauspotzeko  xedearekin.

Ezin dugu ukatu euskararen ezagutza hobetu egin dela azkenengo mende erdian. Adibidez, hiztun kopurua nabarmen hazi da  Euskal Herri osoan, batez ere, eskolek, euskaltegiek eta ikastolek egin duten lanari esker. Botila aukerez erdi betea dugu. Astindu dezagun botila, ea, xanpainak bezala, euskarak gainezka egiten duen gure herrian. Betor Euskaraldia!

Euskaraldia auzolanean sortu eta hezurmamitutako gertakizuna dugu. Herrietako, lurraldeetako, eta Euskal Herri osoko herritarrok, euskara elkarteak eta instituzioak, urteetako ezkondu ezina albora utzi, eta auzolanean, orpoz orpo izan ditugu eta izango ditugu hasiberri dugun aldi honetan. Eutsi diezaiogun aukerari!

Euskaraldiak ilusioa dakar. Azkenaldian,  euskararen erabilerari dagokionez, tamalez, euskara sugeldo baten antzera izan dugu; bizirik, baina epel, sugar bizi ezin bilakatu. Euskaraldiak ilusioa ekarri du gure artera. Gure hizkuntzaren sutondoko garrak biziberritzen hasi dira, hainbat eta hainbat herritarron ilusioak hauspotuta.  Gureari eusteko abagunea dugu.

Euskaraldia gaztea da. Gazteena dugu geroa. Etxeetan, eskoletan, auzoetan, euskaltegietan … egin ditugu gaurko gazteak euskaldun, euskaraz jarduteko gai. Besteak beste, gazte horiek aktibatzea du Euskaraldiak helburu.

Hala ere, helduek ere ezin diote erronkari muzin egin. Ezin da euskalgintzan egindako lanak eman digun eskarmentua eta jakinduria pikutara bota. Euskaraldiaren erantzukizuna guztiona da, guztiona dugu euskara biziberritzeko eta erabilera handitzeko ardura. Har dezatela gazteek lekukoa, beraz, baina elkarrekin astindu dezagula euskararen komunitatea.

Euskaraldian denok dugu lekua. Euskaraldiak ez du inor baztertu nahi. Guztion ondarea dugu euskara; bakoitzak bere horretatik egingo dio bere ekarpena gure hizkuntzari. Batzuek, komunikazioa euskaraz izan dadin, euste lana egingo dugu, ahobiziak izango gara; beste batzuek, komunikazioan euskarak bere lekua hartu dezan, euskaraz egin diezaguten eskatuko dugu, nahiz eta gero guk erdaraz egin, eta belarriprestak izango gara. Belarriprestak giltzarri izango gara euskararen erabilera hazi dadin. Eta bagara gure herrian euskaraz oraindik ulertzen ez dugunak ere. Horiek ere Euskaraldiaren barruan behar ditugu. Batzuetan, uste baino gehiago ulertuko dute eta konturatuko dira, eta beste batzuetan, ez dute ulertuko. Egoera horietan patxadaz jokatuko dugu denok, enpatiaz. Egonarria izango dugu eta komunikazioak aurrera egin dezan ahalegin guztiak egingo ditugu, eta erdaraz ere hitz egingo dugu. Denok behar gaitu Euskaraldiak, hiztunak, ulertzaile aktiboak eta egoera korapilatzen denean pazientziaz eta abegikor jokatzen jakingo dugun herritarrak.

Aldi berri baten atarian gaude, balia dezagun auzo lana, joka dezagun ilusioz; atea parez pare zabaldu eta ongi etorria egin diezaiogun Euskaraldiari. Denok dugu lekua euskararen unibertsoan eta zain dago noiz hartuko dugun bakoitzak berea; egin aurrera eta hartu!