2019rako ordenantza fiskalak onartu ditu plenoak

Baleike 2018ko urr. 22a, 19:00

Ostegunean egindako ezohiko plenoak 2019. urteko ordenantza fiskalak onartu zituen. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenari emendakin bana aurkeztu zieten EH Bilduk eta PSE-EEk. Emendakinak onartu ondoren, datorren urterako zergen eta tasen proposamena ahobatez onartu zuten.

Irizpide orokor bezala 2017ko abuztutik aurtengo abuztura bitarterako KPIa igotzea proposatzen zuen plenora aurkeztutako dokumentuak, %2,15a, hain zuzen ere. Salbuespenak ere izan ziren. Hala, zerga eta tasa batzuetan %1,7 igoera proposatzen zuen, eta batzuetan izoztea.

Ondasun Higiezin Gaineko zergaren kasuan, %1 igotzea proposatzen zuen Udal Gobernuak. EH Bilduko eta PSE-EEko udal taldeek emendakin bana aurkeztu zioten. Zerga hau izoztea eta etxebizitza hutsei %50eko errekargoa ezartzea proposatu zuen EH Bilduk. PSE-EEk berriz, errekargo horren bidez bildutako dirua etxebizitza politikara bideratzea eskatzen zuen. Bi emendakinak EH Bildu (6), PSE-EE (1) eta Jon Iraolaren aldeko botoekin onartu ziren; EAJ-PNVko zinegotziek (5) aurkako botoa eman zuten.

Zerga honi dagokionez, berrikuntza bat ere izango da: familia ugarien kasuan, etxebizitzaren balio katastrala 180.304 eurotik gorakoa denean, diru-sarreren eta seme-alaben kopuruari erreparatuko zaio balio horri dagokion hobaria aplikatzeko. Gainerako hobari guztiak berdin mantentzen dira.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga edota trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga izoztu egingo dira.

Tasei dagokienean kirol patronatuko tasak, musika zerbitzuarenak, Herri Eskolako pilotalekuarenak edota liburutegiari dagozkionak izoztu egingo dira.

Beste tasa batzuen kasuan, %1,7ko igoera izango dute: garabi zerbitzuak, ur hornidura zerbitzuak, Ludotekak eta udalekuek, Udal eraikinen erabileraren tasak (Aita Mari zinema, Alondegiko Oxford aretoa, Pleno aretoa, San Telmo ermita, Komentuko kapera, etab.), Filmaketen tasak, edo Udal hilerriko zerbitzuaren tasak.

Gizarte Zerbitzuei dagokionez, etxez etxeko laguntza zerbitzuan kostua jaitsi egingo da: onuradunek 15euro ordaindu beharko dituzte lanegunetan  (aurten 16 euro) eta 16 euro jaiegunetan (aurten 17 euro).

TAOren kasuan, tasak ere berdin mantenduko dira. Salbuespen gisa, errotazio altuko zein egonaldi ertaineko guneetan 90 minutuko muga gainditu izanagatik ezarritako isuna deuseztatzeko prezioa 20 eurotik 19 eurora jaitsiko da.