"Perretxiko asko ekarri baino hobe da gutxiago erakutsi, baina gauzak ondo azaltzea"

Baleike 2018ko urr. 21a, 15:48

Asteburu Mikologikoko erakusketa zabaldu da gaur goizean Alondegiko Oxford aretoan. Bezperan bildutako perretxikoak erakusten ari dira bertan, beste zenbait ekintzarekin batera. Orduak aurrera joan ahala bisitariak hurreratzen joan dira. Erakusketa arratsaldean ere zabalik izango da.

Zumaiako Natur Taldeak perretxikoekin lotutako ekimen hau antolatu du aurten. "Hiru bat urte pasako ziren aurrekoa antolatu genuenetik", adierazi du Natur Taldeko kide Aitor Leizak. Asteburu honen baitan perretxikoak biltzeko irteera egin zen atzo, larunbatez, eta bildutako aleak arratsaldean saikatu zituzten Alondegian bertan. 

Azken aldian euri gutxi egin duenez, ez dute perretxiko askorik aurkitu. "Hemen inguruan eta Burgos aldean bila aritu dira taldekide batzuk, baina ez dute ezer aurkitu. Hemen erakusten ari garen hauek Landatan eta Artikutzan bildu ditugu", dio Leizak. "Perretxikoak ateratzeko euria egin behar du. Euria egiten badu aterako dira".

60 bat perretxiko motaz osatutako erakusketa da Zumaiakoa. "Aurreko ekitaldietan perretxiko gehiago erakutsi izan dira, baina azken urteotan kopuru honetan mugitzen gara. Hobe da gutxiago hartzea eta daudenen berri hobeto azaltzea". Espezie arraro edo bitxirik ez dagoela ere azaldu digu. "Garai eta leku hauetan ateratzen diren perretxikuak dira hemen ditugunak. Zerbait aipatzearren gurbitzarekin ateratzen den ochroleuca dago. Perretxiko hau artadian ateratzen da, eta espainiar estatuan lehenbizi hemen katalogatu zuten". 

Berrikuntza bezala, haurren txokoa izango da lehenbizi. Marrazkiak egiteko edota tailer txiki batzuetan parte hartzeko aukera izango dute txikiek. Arkamurka elkartearen panel batzuekin ere osatu dute erakusketa. "Panel batzuek orokorragoak dira eta perretxikoek zer onura ekar dezaketen aipatzen da. Zehatzagoetan habitat bakoitzean edo zuhaitz jakin batzuen inguruan zer perretxiko mota ateratzen diren informatzen da". Perretxikoak sailkatzen erakusteko mahai bat ere jarri dute. 

Esan bezala, erakusketak arratsaldean ere zabalduko ditu ateak Oxforden, 17:00etatik 20:00etara bitartean.