Kimetz Etxabek Europako txakurkros txapelketan hartuko du parte datorren astean

Baleike 2018ko urr. 20a, 17:32
Argazkia: Peio Romatet

Suediako Nybron herrian jokatuko den Europako txakurkros txapelketan arituko da Kimetz Etxabe. Zumaiar gaztea junior mailan, 18 urtez azpikoetan arituko da Trier txakurrarekin. 

Txapelketa hau hilaren 24tik 28ra bitartean jokatuko da Suediako herri horretan. Ostegunean eta ostiralean izango ditu probak Kimetzek. Bietan ere 4,5 kilometroko lasterketa egin beharko du Trier txakurrarekin. Bi egunetan lortutako emaitzak batu eta horren erabakiko da probaren irabazlea zein den. 

Iaz munduko txapelketa irabazi zuen zumaiarrak Polonian, eta segundo gutxi batzuengatik podiumetik kanpo geratu zen Europakoan.