Goikoetxea eta Aldazabal laugarren izan dira munduko txapelketan

Baleike 2018ko urr. 20a, 11:21

Bartzelonan jokatzen ari diren munduko pilota txapelketaren baitan, zesta puntan, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zen atzo. Bezperan jokatu ziren finalaurrekoetan kanporatuak izan ziren bi bikote faboritoak neurtu ziren: Iñaki Osa Goikoetxea eta Aldazabal Espainiaren izenean, eta Patxi eta Irastorza Frantziatik. 

Adituen ustetan bi bikote hauek ziren gaurko finala jokatzeko faboritoak, baina biak ala biak kanporatuak izan ziren finalaurrekoetan. Kontsolazioko partida jokatu zuten atzo Vall d'Hebroneko frontoi luzean, eta oraingoan frantziarrak nagusitu ziren. 

Goikoetxeak eta Aldazabalek irabazi zuten lehen seta (6-15), bigarrenean Patxi eta Irastorza izan ziren nagusi (15-9), eta baita ere berdinketa hausteko azken setean ere (10-9), nahiz eta gorriak 6-9 emaitzarekin aurretik izan ziren.

Gaur jokatuko dute txapelketako finala Erkiaga-Hernandez (Espainia B) eta Olharan-Etxeto (Frantzia B) bikoteek, 20:00etatik aurrera.