Eskualdeko LABeko delegatuek bat egin dute 'Orain presoak' ekimenarekin

Baleike 2018ko urr. 19a, 16:54

Orain presoak giza ekimenaren harira bihar Donostian egingo den manifestazioarekin bat egin dute Urola Kosta eskualdeko LAB sindikatuko delegatuek.

Ohar batean adieraztera eman dutenez, “gatazkaren konponbidearen bidean beharrezko eta lehentasunezko pausu” bezala ulertzen dute preso politikoen aferarekin bukatzea. “Gai honetan dabiltzan hainbat eragilek eta noski EPPK berak adierazi dituzten pausuak jarraiki, egoera irauli eta behin betikoz honekin bukatzeko unea da. Bitartean, eskualdeko pertsona oro, baina bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezaten deia luzatzen dugu”.

“Egunerokoan prekarietatean aurka, lan osasunaren alde edo orokorrean langile eta herriaren alde eramaten ditugun borrokez gain, LABeko kideak preso eta iheslarien eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu determinazio osoz. Horregatik, bihar, Donostian izango gara. Langileon askatasunerako herri aske bat behar dugulako eta ez delako herri askerik izango preso politikorik dagoen bitartean”.