'Txarriboda' eta 'Inondik inora' antzezlanak eskainiko dituzte asteburuan Aita Marin

Baleike 2018ko urr. 19a, 13:26

Hika teatroaren 'Txarriboda' antzezlana gaur izango da, gaueko 22:00etan hasita. 'Inondik inora' haur antzerkia, aldiz, igandean eskainiko dute, 12:00etan. 

'Txarriboda' antzezlana ikusteko aukera izango da gaur Aita Mariko zine aretoan. Agurtzane Intxaurraga zuzendariak Miren eta Imanolen ezkontza ospakizuna irudikatu du. Festa kolokan jarriko da, ospakizunak txerriboda baten tankera hartzeraino. Zenbait herritarrek ere parte hartuko dute antzezlanean.

9,5 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak leihatilan, eta 6 euroan eskuratu daitezke aurrez Turismo Bulegoan. 

Igandean, aldiz, 'Inondik inora' haur antzezlanak hartuko du zine aretoa. Ingelesa eta euskara uztartzen ditu emanaldiak, eta hitzak, poemak, irudiak eta abestiak antzerki bihurtuta, postari baten egunerokoa irudikatzen du. 4 euroan erosi daitezke sarrerak aurrez, Turismo Bulegoan.