“Afizionatuetan jokatzeko aukera handirik ez dugu, ea Xistera proiektuarekin aldatzen den”

Baleike 2018ko urr. 19a, 08:48

Cosme Agirrek eta Unai Urangak kluben arteko Espainiako zesta punta txapelketa irabazi dute Zumaiarekin. Kirol honen inguruan aritu gara hizketan.

Cosme Agirre eta Unai Uranga pilotari zumaiarrek orain bi aste irabazi zuten kluben arteko Espainiako txapelketa, Zumaiarekin. Madrilen jokatu zuten txapelketako azken fasea, Complutense unibertsitateko frontoian, eta Noain klubeko pilotari nafarrei hiru setetan irabazi zieten. Lanak uzten dien denboran elkartu ditugu. Egun horretan bertan (asteartean) Durangon zuten partida, San Fausto jaien barruan antolatutako txapelketan.

Lortutako garaipenarekin pozik dira biak. “Pozik gaude, bai, baina agian orain bi urte poza handiagoa zen”, dio Urangak. “Orain bi urte ere irabazi genuen txapelketa hau, eta hura sorpresa izan zen. Iaz bigarren izan ginen. Aurten ikusten genuen bazegoela berriz irabazteko aukera; maila baxuagoa zegoen, pilotari on batzuk parte hartu ez dutelako”, gaineratu du Agirrek.

Afizionatuen mailan jokatzen dute bi pilotari gazteek. Unai Urangak 24 urte ditu eta Cosme Agirrek 21. Profesional mailakoek ez bezala –uda garaian izaten dituzte txapelketa gehien–, afizionatu mailakoek irailetik udaberrira bitartean izaten dituzte partidak. Gaur egun Gipuzkoako txapelketa ari dira jokatzen. “Gero, gaur Durangora bezala, herriren batera jokatzera joateko gonbidatzen bagaituzte, joan egiten gara”, dio Urangak.

Behin gazteen mailatik igota, afizionatutan jokatzeko aukerak handiak ez direla diote. “Enpresen arteko lehiak izaten dira, eta horrek ez digu jolasteko aukera handirik ematen. Sortu den Xistera proiektuarekin espero dugu erraztasun handiagoak izango ditugula”, gaineratu du.

Cosme Agirre Mexikon izan zen udaberrian bi hilabetez Mexiko Hirian berriro zabaldu duten frontoian jokatzen. Esperientzia gazi-gozoa izan zela adierazi digu. Gozoa halako frontoi batean zesta puntara jokatzeko aukera izan zuelako, baina gazia agindutako gauza asko bete ez zituztelako. “Hitz asko egiten zuten, baina erdia ere ez zuten betetzen. Esan zidaten pilotari handiekin jokatuko nuela, baina gero ez zen hala gertatzen”. Datorren urtean berriro joateko gonbitea jaso du, baina hilabete bakarrerako. “Orain enpresa batean lan egiten dut eta epe labur horretarako bakarrik joateak ez du pena merezi”.

Zumaiako klubeko kide izanda, gaur egun zestan aritzen den haur kopurua nabarmendu dute. “Baina, gazteen eta gure artean hutsune bat dago, frontorik izan ez zen urteek eraginda. Donostiara edo Getariara joan behar izaten ginen entrenatzera edota jokatzera. Bai gu, eta baita gurasoak ere. Zumaian frontoirik ez izateak izan zuen eragina jaitsiera horretan”, dio Agirrek.

Ameriketara zesta puntan jokatzera joateko asmorik ez dutela diote biek. Adierazi dutenez, gainera, pilotari askori Estatu Batuetara sartzea debekatu diete. “Urte askoz han jokatzen aritu diren pilotari batzuei ere ez dizkiete bisatuak berritu. Ez dakigu zergatik”.

Biek ala biek dute zesta puntan jarraitzeko asmoa. “Lanak uzten didanean gustura joaten naiz frontoira entrenatzera eta izerdia botatzera, eta baita partidak jokatzera ere”, dio Urangak.