Goikoetxea eta Aldazabal mundialeko finaletik kanpo geratu dira

Baleike 2018ko urr. 19a, 08:11

Sorpresa handiak izan ziren atzo Bartzelonan jokatzen ari den munduko pilota txapelketan. Zesta puntako finalaurrekoak jokatu ziren Vall d'Hebroneko frontoian eta faborito bezala agertzen ziren bi bikoteak kaleratuak izan ziren. 

Lehen finalaurrekoan Espainia A eta Espainia B neurtu ziren. Iñaki Osa Goikoetxea eta Aldazabal batetik, eta Erkiaga eta Hernandez bestetik. Lehen fasean erraz irabazi zien A bikoak B bikoari, baina une erabakigarrian B bikotea nagusi izan da. Hiru setetan erabaki zen partida. Erkiagak eta Hernandezek 6-15 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta. Bigarrenean erreakzionatu zuten Goikoetxeak eta Aldazabalek eta 15-9 emaitzarekin gailendu ziren. Berdinketa hautsiko zuen setean, berriz, B bikotea izan zen nagusi 5-10 emaitzarekin. Beraz, Erkiaga eta Hernandez pasa ziren finala jokatzera.

Bigarren finalaurrekoan Frantzia A eta Frantzia B izan ziren aurrez aurre, Patxi eta Irastorza batetik, eta Olharan eta Etxeto bestetik. Hau ere hiru setetara erabaki zen: 15-8, 9-15, 9-10. Ondorioz, Olharanek eta Etxetok jokatuko dute finala.

Atzoko bi bikote galtzaileek, Espainia A-k eta Frantzia A-k 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute gaur, 19:00etatik aurrera.