'Kantaurialdea' pelikula emango dute bihar Aita Mari zinean

Baleike 2018ko urr. 16a, 15:43

Gipuzkoa Naturaldiaren egoitza berria zabalduko du bihar Aldundiak Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean. Horrekin batera, Kantaurialdea izeneko pelikula erakutsiko da, 19:00etan hasita Aita Mari zinean. Pelikula euskarazko bertsioan emango da.

Kantaurialdea filma  Gaztela-Leon, Kantabria, Asturias eta Euskadin filmatu da. Mendilerroz eta bailaraz osatutako 480 kilometroko luzera duen segida bat, bataz besteko zabalera 100 kilometro, 60 eta 120 kilometroko tarteen barruan. Kalitate handiko ekoizpen bat da, eta zinemako pantaila handietan proiektatzeko diseinatua dago.

Lau urtaroak oinarri hartuta ematen du Kantauriko Mendikatearen itzulia, espezie desberdinek sortu dituzten istorioak kontatuz: hartz arrea, otsoa, basakatua, basoilarra, izokinak, landare haragijaleak edo armiarmak eta tximeletak.

Joaquin Gutierrez Achak zuzendutako pelikula hau euskara itzuli du Aldundiko Ingurumen sailak. Itzulpen lan honetan zumaiarrek hartu dute parte. Alberto Gorritiberea  izan da bikoizketaren zuzendaria, eta Antton Garikanok itzuli du narrazioa. Ahotsa, berriz, Maider Segurolak jarri du.

Gipuzkoa Naturaldia

Aldundiko Ingurumen Sailak Gipuzkoa Naturaldiaren egoitza berria zabalduko du Geoparkean. Egitasmo honen helburua bertako natura ezagutzera ematea dela adierazi du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Asensio bera eta Oier Korta Zumaiako alkatea eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidentea izango dira bihar aurkezpen ekitaldian.

Orain artean Gipuzkoa Naturaldiako ekitaldiak jaso dituzten egoitzei (Azpeitia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Donostiako Aquariuamari), Euskal Kostaldeko Geoparkea gehitzen zaie, Geogarapen Elkartearen eskutik. Horrela, hiru egoitza bateratzen dira: Mutrikukoa, Debakoa eta Zumaiakoa. Ohar baten bidez Asensiok “bere poztasuna” adierazi du egoitza berri honen irekiera dela eta eta adierazi du “Gipuzkoa Naturaldiak bere oinarrian duela gure lurraldeko ahal eta txoko gehienetara iristea, gure naturaren berri emateko asmoz, beti ere haren defentsa eta harekiko errespetua sustatuz, eta Geoparkearekin irekitzen ari garen bide honek horretarako aukera ematen digu”.