Enpresei laguntzeko 160.000 euroko diru poltsa du Urola Kostako Udal Elkarteak

Baleike 2018ko urr. 14a, 13:06

Urriaren 19an amaituko da epea laguntza horiek eskatzeko. Laguntzen zati bat da enpresa berriak sortzeko, eta beste zati bat, enpresetan egin diren inbertsioentzat.

Urola Kostako Udal Elkarteak gogorarazi du aurten 305.000 euro emango direla diru laguntzetan ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza-egitasmoak sustatzeko. Horietatik 160.000 euro izango dira enpresa berriak sortzeko (70.000 euro) eta enpresetan egiten diren inbertsioentzat (90.000 euro).

Eta, hain zuzen, azken bi alderdi horiek laguntzeko eskaerak urriaren 19rako egin behar dira Urola Kostako Udal Elkartean.

Xehetasun gehiago ere eman dute. Esaterako, enpresak sortzeko diru laguntzen oinarria 1.000 eurokoa izango da, baina kopuru hori handitu egingo da sustatzailearen eta proiektuaren ezaugarrien arabera.

Inbertsioetarako diru laguntzen kasuan, itzuli beharrik gabeko laguntzak direla zehaztu dute, eta enpresaren jarduerarekin zerikusia duten inbertsioetarako direla. Inbertsioak 2018an egina izan beharko du, eta gutxienez 3.000 eurokoa izango da. Laguntza, berriz, gehienez inbertsioaren %30a izango da, eta gehienez, dena den, 2.000 eurokoa izango da.

Argibideak

Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean.

Gainera, zalantzak argitzeko telefonoa (943-89 08 08) edo korreo elektronikoa (enpresa@uroalkosta.eus) erabil daitezke, beti bezala.