'Hispanitate egunari' intsumisioa aldarrikatu dio ikasle talde batek Herri Eskolan

Baleike 2018ko urr. 12a, 16:12
Argazkia: Jose Castillo

Zumaiako Herri Eskolak ez ditu bere ateak itxi gaurko egunez, bertako ikasleek herri eskolak antolatu baitituzte "hispanitatearen jai egun arrotzari" intsumisioa aldarrikatzeko.

Ikasle Abertzaleakek deituta, 30 ikasle inguru bertaratu dira herri eskoletara eta bi gai nagusi izan dituzte eztabaidagai: borroka feminista eta ikasleen autodefentsa sareak.

Lehenik, genero zapalkuntzak egungo kapitalismoan hartzen duen nolakotasuna izan dute hausnarketagai. Bigarrenik, tailer praktikoagoa egin dute ikasleek, egunerokoan euren ikas baldintzak hobetzeko nola antolatu eta saretu daitezkeen eztabaidatu baitute. Horretarako, Iruñako Txantrea auzoan ikasten duten bi ikasleren laguntza izan dute, "beraiek euren ikastetxean zuzendaritzak ezarritako kontrol kameren aurkako borroka nola gauzatu duten azaldu baitiete Zumaiako ikasleei".

Hemendik abiatuz, Zumaian ikasleek euren ikas baldintzak hobetzeko praktikan jarri ahal dituzten eguneroko borrokak izan dituzte eztabaidagai.