Kresalaz blaitutako artea

Baleike 2018ko urr. 12a, 10:14

Asteburu honetan Urola Kosta eskualdeko herrietan egingo den Itsasotik herrira ekimenaren baitan arteak ere izango du bere tartea. Bi erakusketa izango dira ostiralean eta larunbatean.

Zarautz eta Getaria arteko bidean eskualdeko zortzi artistaren lanak erakutsiko dira. Tartean dira Aran Santamaria eta Ander Hormazuri zumaiarrak. Horrez gain, bi artista hauek, eta Amaia Zinkunegi zarauztarrak espresuki ekimen honetarako egindako lanak erakutsiko dituzte Zumaian, Kofradiako arrain salmenta gelan.

“Kofradiako hau nire ideia izan zen”, adierazi digu Aran Santamariak. “Ekimen hau itsasoarekin lotuta dagoenez, leku apropos baten bila ibili ginen; zerbait berezia izatea nahi genuen. Getariako parolean egiteko aukera ea bazegoen galdetu genuen. Hau atera zenean hirurak elkartu ginen eta gela honetako lekuak banatu genituen”.

Zinkunegik argiekin egin du lan. Itsasoaren buelta horretan argiekin egindako anforak edota karakolak irudikatu ditu. Santamariak gelako puntu desberdinetan kokatu ditu bere lanak. Armario batean gordetzen ziren argazki zaharrekin jokatu du, collage moduan, itsasoarekin lotutako elementuak gehituaz argazkiei. Ganbaran gordeta zituen aitaren eta beste familiarteko batzuen materialak, eta baita ere itsasertzean aurkitutako arrain eskamak, hegaztien lumak edota ostrak jarri ditu beste armario batean. Liburuetan interbentzioak egiten dabil azken aldian, eta liburu eraldatu horietako batzuk ere kokatu ditu salmenta gelan.

Ander Hormazurik, berriz, itsasertzean aurkitutako materialekin sortu ditu bere lanak. Txalupen itxura duten egur zatiekin, lurretik ikusten diren itsasoko gaiak irudikatu ditu: galipota, zaborra... Badaude gai ludikoagoak, surflariak bezala, baina baita ere gai serioagoak etorkinen etorrera bezalakoa. “Onerako eta txarrerako itsasoarekin dugun harremana landu nahi izan dut”.

Erakusketa hau ostiralean eta larunbatean izango da zabalik Kofradian, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00 ordutegian.

Kostaldean lan gehiago

Kofradiakoa ez da izango Itsasotik herrira ekimenaren baitan antolatutako erakusketa bakarra. Zarautz eta Getaria artean dagoen paseoan eskualdeko zortzi artistaren lanak kokatuko dira. “Amaia Zinkunegiren ideia izan da. Itsasoa marko baten barruan sartzeko ideia luzatu du, eta artista bakoitzak marko antzerako bat egitea proposatu du”. Zortzi artista horien artean daude Santamaria eta Hormazuri. Lan hauek ere asteburuan zehar ikusi ahal izango dira.