Goikoetxeak munduko zesta punta txapelketa jokatuko du igandetik aurrera

Baleike 2018ko urr. 11a, 20:00
Lau pilotariak eta teknikariak, gaur, Aitzuri frontoian. Argazkia: Juan Luis Romatet

Euskal pilotako munduko txapelketa jokatuko da igandetik aurrera Bartzelonan. Eskuzko, fronteniseko, paletako eta zesta puntako modalitatetan jokatuko da txapelketa hau. Azken modalitate honetan zumaiar bat izango dugu parte hartzaileen artean, Iñaki Osa Goikoetxea hain zuzen ere. 

Pasa den asteburuan jokatu zen Villa de Madrid txapelketaren ondoren erabaki du Roberto Lekue hautatzaileak zer lau pilotari eramango dituen mundialera. Hala, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Ibon Aldazabalek Espainia A bikotea osatuko dute, eta Aritz Erkiagak eta Jonathan Duke Hernandezek Espainia B izenekoa. 

Goikoetxeak eta Aldazabalek igandean izango dute lehen partida. 19:00etan mundialaren inaugurazioko ekitaldia egingo da Vall d'Hebron frontoi olinpikoan, eta haren ondoren jokatuko du bikoak Mexikoren aurka.

Hurrengo norgehiagokan Frantzia B izango dute aurkari (hilaren 16an, asteartean). Ostegunean, hilaren 18an, 20:00etatik aurrera, finalaurrekoak jokatuko dira, ostiralean (19:00etan) 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida, eta igandean (20:00etan), finala. 

Lau pilotariak Zumaian izan dira entrenatzen, Aitzuri frontoian. Mundiala irabazteko esperantzarekin dagoela adierazi ditu Iñakik, "baina horretarako partidak jokatu behar dira". Sekulako udako denboraldia egin du Goikoetxeak eta munduko txapelketa erdiestea pastelaren ginda litzateke.