baleike.eus

Energiaren Euskal Erakundeak eskualdeko udalek egindako lana aitortu du

Baleike 2018-10-11 16:53   Gizartea

Urola Kostako eta Urola Erdiko udalerriek trantsizio energetikora begira erakutsitako konpromisoa aitortu du Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) gaur Zumaian, Aitzuri frontoian egindako ekitaldi batean. Erakunde honek bereizgarri bana eman dizkie udaletako ordezkariei.

EEEtik adierazi dutenez, gaurko elkarraldiak arrazoi bikoitza izan du. Alde batetik, hurbiletik ezagutzea “trantsizio energetikoarekiko konpromisoa” azaldu duen frontoiko proiektua; eta bestetik, udalek energia berriztagarrien efizientzian eta bultzadan egiten ari diren ahalegina aitortzea.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak trantsizio energetikorako agertutako “inplikazioa” eskertu die udal ordezkariei, eta egindako lanarekiko esker on hori irudikatzeko, erakundeak sortutako Energiaren bidea – Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere bereizgarria eman die. Erakundetik gaineratu dutenez, bereizgarri hau pixkanaka jarriko da ikusgai Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako udal-instituzioetan.

Oier Korta eta Iñigo Ansola

Oztopoak

Trantsizio energetiko honetarako izandako trabak ere gogoratu dizkie Ansolak. Haize erroten adibidea jarri zuen mahi gainean. “Denok gaude energia berriztagarrien alde. Baina, aldi berean, mendizaleak gara eta ez dugu haize errotarik nahi gure mendietan. Gero, beste era bateko zailtasunak ere izan dira”.

Pasa den ostiralean Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak eguzki zerga bezala ezagunagoa zen energiaren autokontsumorako zerga ezeztatu zuen. “Erabakia ostiralean hartu zuen, larunbatean argitaratu eta iganderako indarrean zegoen. Erabakia txalogarria da, eta autokontsumorako zeuden zailtasunak kenduko ditu hein batean. Epe labur edo ertain batean aldaketa handiak ikusiko ditugulakoan nago”, azpimarratu du Ansolak.

Zumaiaren konpromisoa

Aitzuri frontoian egin den ekitaldi honetan eskualdeko udalerri gehienetako ordezkariak, alkateak edo zinegotziak izan dira, EEEk gonbidatuta. Pilotalekuak eguzki-energia termikoko instalazio bat du, eta eguerdi partean egindako bisita teknikoan horren berri eman die Oier Korta Zumaiako alkateak, baita frontoiko beste xehetasun batzuk ere. Udalerri honetan energia berriztagarrien inguruan egindako lanaren berri ere eman du Kortak geroago.

Zumaiak XXI. mendean trantsizio energetikoarekiko izandako konpromisoaren berri ere eman du EEEk. Hala, Lubaki kiroldegiak 2007az geroztik eguzki energiarako instalazio bat duela gogoratu du, “bere garaian Euskadiko handienetakoa izan zena”. Elektrizitatea ekoizteko planta hori kiroldegiko estalkian dago kokatuta.

Instalazio horrek urteko 80.000 kWh ekoizten dituela azaldu du energia erakundeak, “hiru kideko 30-35 familiaren kontsumoaren baliokideak. Horrek atmosferara 26.480 kilo CO2 emititzea saihesten du, eta urteko 15 petrolio tona baliokide aurreztea ahalbidetuko du, beste iturri mota horri dagokionez”.

Aitzuri pilotalekuan egindako lanak ere txalotu ditu Energiaren Euskal Erakundeak. “Eraikin modernoa da, eguzki energia termikoko instalazioetan egindako aurrerapenak biltzen dituena ur bero sanitarioa hornitzeko pilotalekuari nahiz eraikinean kokatuta dagoen ostalaritza negozioari. Neurri handi batean, led teknologian oinarrituta dagoen argiztapen efizientea dauka, %50eko energia aurrezpena ahalbidetzen duena”.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue 2018-10-13 18:17 Erantzuna | #1

Ez dakit zer bide egingo duen lehen argazkian (alkateenean) azaltzen den kartel biribil horrek, baina badaezpada ere, hurengorako: "Udalean ere" baino zuzenagoa/egokiagoa da "Udalean ere bai" edo "Baita udalean ere".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa