Zumaiako Dia supermerkatuko langileek egun osoko lanuztea egingo dute gaur

Zumaiako Dia supermerkatuko langileek egun osoko lanuztea egingo dute gaur

Gipuzkoako Diako enpresa komiteak deitu ditu mobilizazioak, pairatzen duten esplotazioaren aurrean aski da esateko unea dela iritzita. Zumaiako Dia supermerkatuko langileek ere bat egin dute protestarekin. Elkarretaratze batera deitu dute 12:30erako, Donostiako Artzain Onean. 

Enpresan bizi duten "esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren" aurrean, egun osoko greba antolatu dute gaurko Gipuzkoako Dia enpresako Langile Komiteko kideek. Enpresaren aldetik behin eta berriz "gutxietsiak eta mespretxatuak" direla uste dute langileek: "Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz". 

Horrez gain, Dia supermerkatuetan langile falta nabarmena eta orokorra dela iruditzen zaie langileei. "Ondorioz, lan taldeko kideen lan karga oso altua da, eta honek zuzenean gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du". Denda batzuetan lan guztiak egiteko bi pertsona besterik ez daudela eta enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar den bezala aurrera ateratzea ezinezkoa dela salatu dute. 

Bestetik, kaleratzeak enpresaren "ohiko politika" bilakatu direla azaldu dute. Haien hitzetan, ezerk ez du bermatzen lanpostuan jarraitzea. Gaixotasun bajan zeuden langileen kaleratzeak ere salatu dituzte, eta uda honetan kaleratu dituzten 12 langileak ekarri dituzte gogora. "Gainera, kaleratze hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak", gaineratu dute. 

Dia&Go dendak Euskal Herrira ere iritsi direla azaldu dute komitetik: "Goizeko 8:30etik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz". Dendaren funtzionamendua eta langileengan izango duen eragina irekiera baino egun batzuk lehenago azaldu dietela salatu dute langileek. 

Arrazoi horiek direla eta, pauso bat aurrera egitea erabaki dute Gipuzkoako Dia enpresako langileek, Bizkaiko kideen eredua jarraituz.