‘Visages, villages’ dokumentala emango du ostegunean Ostarrenak, zine forum denboraldi hasieran

Baleike 2018ko urr. 9a, 20:00

Belaunaldi oso desberdineko bi artistak zuzendutako lan batekin hasiko da ostegunean Ostarrena zine klubak antolatutako 2018-2019 zine forum denboraldia. Zumaiako zine klubak Visages, villages dokumentala aukeratu du denboraldiari hasiera emateko. Saioak 22:00etan hasiko dira Aita Mari zinean. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai.

Agnes Varda zinemagile beteranoak eta JR argazkilari gazteak zuzendu eta protagonizatu dute lan hau. Irudiak lortzeko biak herriz herri joan dira furgoneta berezi batean. Vardak 88 urte ditu, eta JRk 33. Azken honek argazki estudio bat paratu du furgonetan, eta horretan bidaiatuko du bikoteak. Herrietara heldu, eta biztanleak furgonetara gonbidatuko dituzte. Barruan, argazkia egin, eta formatu handian aterako dira irudiak furgonetaren albo batetik. Herriak apainduko dituzte, gero, herritarren erretratuekin.

Agnes Varda europar zinemagintzako izen garrantzitsua da. Frantzian sortu zen Nouvelle Vague mugimenduko kidea izan zen eta ia 90 urte baditu ere, oraindik pelikulak egiten jarraitzen du. Iazko Donostiako Zinemaldian Donostia Saria eman zioten.

Hemen duzue ostegunean emango den pelikularen trailerra:

Urte amaierara bitartean, udazkeneko ziklo honetan, beste bost pelikula emango ditu Ostarrenak. Urriaren 25ean Lucky pelikula estatubatuarra ikusteko aukera izango da. Lucky 90 urteko gizon ateo bat da. Lagun guztiak baino gehiago iraun du, eta bizitzaren azken atalean dago. Bidaia bat abiatuko du, bere burua aurkitzeko eta bizitzaren zentzua ulertzeko. Harry Dean Stanton aktorearen azken filma da. Travis pertsonaiarekin egin zen ezagun, 1984ko Paris, Texas filmean.

Azaroaren 8an Bigarren Mundu Gerraren azken egunetan girotutako El capitan pelikula alemaniarra emango da, eta hilabete horretan baita ere, baina 22an, Siriako gudan girotutako Alma mater film belgikarra emango da Zumaian.

Abenduan beste bi pelikula emango ditu: The Florida Project hilaren 13an, eta Hereditary beldurrezko filmea 27an.