Keretxudi baratze parkean hutsik geratu diren lursailetan izena emateko epea zabalduko dute bihar

Baleike 2018ko urr. 9a, 12:24

Libre geratzen diren lursailak betetzeko, bigarren izen-emate prozesu bat abiarazi du udalak. Bihartik aurrera, 15 eguneko epea izango dute interesdunek.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Keretxudi Baratze Parkea sortu du Zumaiako Udalak 70m2 inguruko 50 lursailez osatuta. 

Udalak 50 partzela horietatik 39 esleitu zituen irailaren 4an. Keretxudi Baratze Parkean hutsik geratu diren 11 lursailak betetzeko, bigarren izen emate prozesua abiarazi du udalak. Bihartik aurrera, interesdunek 15 eguneko epea izango dute lursailen eskaera udal erregistroan egiteko. Telematikoki egiteko aukera ere izango dute.

Horretarako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:  

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

Udaletik aditzera eman dutenez, ezinbestekoa izango da baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Izen-emate epea amaitzean onartu eta baztertuen zerrendak publiko egingo dira, eta eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez banatuko dira baratzeak.

Kanona eta fidantza

Lursailaren erabilera eta udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.

Baratzearen laborantzagatik Udalak aplikatuko duen kanonari dagokionean, baratze bat urtebetez erabili ahal izateko hileko 10 euro ordaindu beharko dira, orotara, 120 euro. Fidantza, aldiz, udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa izango da.  

Interes talde edota pertsonek (tokiko taldeak eta mugikortasun urriko pertsonak) ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik.

Azkenik, erabiltzaileek elkarte bat sortu beharko dute baratzeak kudeatzeko eta ordezkari bat izendatuko dute Kutxa Ekogunearekin eta udaleko arduradunarekin harremanetan egoteko.