Zozkatu ditugu 'Lur' antzerkirako sarrerak

Familia antzerki saio batekin hasiko da bihar Zumaiako 2018-2019 antzerki denboraldia. Xake produkzioaken Lur antzezlana izango da bihar Aita Marin, 20:00etan hasita.

Udal Kultura Sailak emandako hiru lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditugu gaur Baleikeko bazkideen artean. Hauek izan dira irabazleak: Iñigo San Martin, Alaitz Aizpurua eta Feli Uria.

Saridunek Aita Mari aretoko leihatilan izango dituzte sarrerak eskuragarri.

Sinopsia

Julian jostailu denda zahar baten jabe da. Egun gutxi barru Ane, bere bilobak, sei urte beteko ditu eta opari berezi bat prestatzen ari zaio; berarentzat propio egindako panpina. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar majiko baten bila. Itxuraz abentura irudimentsua dirudienak Ane eta Jon, bere aitaren, arteko harremana berbideratzen lagunduko du. Azken aldian Jonek onarpen arazo bat dauka. Izan ere, Ane mutila da.