Ekimenez betetako asteburua, Xabier Kalparsororen oroimenez

Baleike 2018ko ira. 30a, 18:11

Kalparsororen heriotzaren 25. urteurrenaren harira, hainbat ekimen izan dira asteburuan. Aita Mari zine aretoa bete dute herritarrek gaur eguerdian, ekitaldi nagusian.

Xabier Kalparsororen heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratzeko, ekimen andana izan da asteburu osoan zehar Zumaian. Lagunen eta senideen oroitzapen eta iritziak biltzen dituen Anuken Egia dokumentala eta solasaldia izan zen ostiral arratsaldean gaztetxean.

Larunbatean, lore eskaintzaren ostean, herri bazkaria izan zen kofradian. Silvio Rodriguezen bertsioek girotu zuten bazkalostea, eta gauean, Skabidean, El sonido de la metralla eta Panico taldeen kontzertuak izan ziren gaztetxean. 

Aita Mari zine aretoa bete dute herritarrek gaur eguerdian, ekitaldi nagusian. Bertan izan da Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez ere. Kalparsororen lagunen idatzi hunkigarriak ireki du ekitaldia, eta ondoren, abesti eta kitarra doinuek hartu dute aretoa. Iaz hil zen Maite Golmaio Xabier Kalparsororen ama ere izan dute gogoan ekitaldian zehar.

Errelato “bakar eta jakin bat” inposatzeko saiakera salatu du Rodriguezek: “Askotan salatu dugu, eta gaurkoan ere salatu nahi dut, badagoela herri honetan onen eta gaiztoen errelatoa inposatu nahi duenik”. Halako errelato baten gainean elkarbizitzarik eta bakerik eraiki ezin dela uste du Sortuko kideak. “Bakeak egiaren ezagutza eskatzen du, egia osoaren ezagutza”, gaineratu du. Gaurkoan, bereziki, “Anuken egia” jakiteko beharraz mintzatu da: “EAJ-k eta EAEko gobernuak herri honi esan behar diote zer egin zuten Xabierrekin”.

“Bakeak lehenik egiaren ezagutza eskatzen du, baina baita biktima guztien aitortza eta erreparazioa ere”, irizten dio Rodriguezek. Xabier Kalparsoro “modu ankerrean” hil zutela gaineratu du, eta haren senideek errekonozimendua eta aitortza merezi dutela uste du.

Rodriguezen arabera, bakeak etorkizuna “libreki erabakitzeko” eskubidea errespetatu behar du. Kalparsororen senideei zuzendu azkenik: “Joseba, Maite, seme edo anai bat galdu duzue, baina milaka seme, alaba eta anai-arreba irabazi dituzue herri honetan. Ez dugu etsiko herri honen askatasuna lortu arte”.